Izan ere, Gerardo Lopez de Gereñuren hitzentzako behar nuen berrespena. “Mortuorio”, hildako gizakiekin lotutako terminoa da bere adiera ezagunenean, baina hildako lekuekin du lotura bere adiera arabarrean. Hitzaren eta adierazi nahi duenaren harreman estua nabarmentzen du Lopez de Gereñuk: desagertutako herri edo leku bat da “mortuorio”. Eraikinen bat egon daiteke oraindik bertan, edo ezta hori ere. Lekuak ere hil egiten dira, beraz, jendea bertatik joaten denean.
Eta, euskaltermen derrigorrezko kontsulta eginda, ohartu naiz, Lopez de Gereñuk, gaur egun onartutako euskarazko definizioari kasu eginez gero, ez ziokeela hainbesteko garrantziarik emango esanahi-deitura loturari. “Herri hustua” baita “mortuorio”, besterik gabe. Kargarik gabe, transzendentziarik gabe.
Araban badira makina bat halako, dokumentatuak asko, dokumentatu gabe gehiago. Lan kontuak direla eta Ania ezagutu dut orain gutxi: Arratzua-Ubarrundia udalerriaren terrenoetan dago, eta ermita txiki bat besterik ez da gelditzen garai bateko herriaren lekuko. Eta, egia esan, ez da gauza bera leku horri “mortuorio” edo “herri hustu” deitu, googlemaps-en zoom-arekin ermitaren irudira gerturatzen ari zarenean. Hotzikara eragiten du lehenengoak, apur bat ezaxola uzten zaitu bigarrenak. Hizkuntzaren karanbolak.
Eta, gero, hizkuntza-kontuak ahaztuta, era honetako leku batek barruan gutxienez bi harri uzten dizkizula ohartzen zara: alde batetik, leku bat husteak leku bat hiltzea esan nahi duela jakitea, halako gorputzaldi ezegonkor bat, tristura bat edo; bestalde, mundu guztiak leku hori abandonatzen eta ahazten duenean, sasiak jaten duela berriro, bere berezko izatera bueltatzen dela, halako sosegu bat, baretasun bat.