Bat-batean, batek besteari asteburuan zer moduz pasa duen galdetu dio. “Primeran”, erantzun dio. Oso leku politean egon dela, ez zuela aurrez ezagutzen. “Non egon zara ba?”, galdera derrigorrezkoa. “Elizondon, Baztanen”. Eta, orduan gertatu da.
Kafea hartzen ari garenotako ia lau lagunek niri begiratu didate, “Elizondo” entzun eta berehala. Bistan da ez dutela Baztan aldea ezagutzen. Baina, arrazoi bereziren batengatik (laurei batera etorri zaien arrazoi bereziren batengatik) seguru demonio daude nik ezagutzen dudala. Eta horregatik begiratu didate, interrogazio aurpegiarekin.
Bada, zer nahi duzue esatea: ni behin bakarrik egon naiz Elizondon, nire 31 urteotan. Baina, zerk lotzen nau, besteak lotzen ez dituena, Elizondorekin?
Irakasle bat baino gehiago ezagutzen ditut, bigarren hezkuntzako bere ikasleek Mikel Laboa nor den ez dakitela eta kezkatuta. Egia da: batzuontzat gure ardatzaren lehengai oinarrizko diren zenbait elementu (Baztan, Ez dok hamahiru, Xalbador) beste batzuentzat (gero eta jende gehiagorentzat) Karibea bezain exotiko dira, edo iraganeko arrasto.