Berriro matraka bera, baina hainbeste errepikatzeak hitz horiei emandako lizun-usaina kentzeko helburuarekin. Lan gaitza, zinez: horregatik egingo dut edozein arrazoi-emale patxadazalek, modu aski kobardean, egingo lukeena. Hau da, tesi bat bota, ilustratzeko adibide erdi-graziosillo bat eman, eta aire.
Nire ustez, beti besteari topeka, kontra egiten aritu beharrean, norbere buruari begiratzea dira enpoderamendua, subjektu bihurtzea, subjektu gisa artikulatzea. Herri honetan urte luzetan egin ez duguna. Errazagoa da aurrean dagoenari listua botatzea, norbere arropak garbitzea baino.
Oihane Perea eta biok EKT (Euskal Kulturaren Transmisioa) graduondokora, HUHEZIra joan ginen orain dela hilabete batzuk. Helburua, Arabako bertso-mugimenduaren azken urteotako ekarpenak azaltzea. Bota genuen geurea, aurrean zeudenek adi-adi entzun ziguten, eta igarri zuten harro gaudela egindakoaz, gure burua ondo kokatuta ikusten dugula.
Iritsi zen agurtzeko unea, eta Julen Arexolaleibak Araban bertsoari puzka ari garenoi inoiz bota diguten lorerik potoloenetakoa bota zigun: igartzen zaigula gurean sinesten dugula, berdin zaigula parean jartzen zaiguna, aurrera goazela, ez dugula eguna pasatzen egin ezin dugunaren erruz lamentuka, edo iristen ez garen lekura ez iristearren negarrez. Oihane eta biok, elkarri begira, pozik. Gure artean, bagarela subjektu, enpoderatuta gaudela.
Listo. Orain, ea nor den lehenengoa testu honetan “subjektu gisa artikulatzearen” eta “autobonboa egitearen” artean alde handirik ez dagoela esaten duena. Listu-jaurtiketak jasotzeko prest nago. Beti izan naiz apur bat sesio-zalea.