Garai hartako beste hainbat aldaketaren antzera, belaunaldi gutxitan egindako ikuskera-aldaketa izan zen: Aramaion, edade batetik gorakoek, mendira joatea “basora” joatea deitzen diote oraindik (basoa = lana, noski), eta ez diote zentzu handirik aurkitzen...
Gailurrera iristea, irrintzia botatzea, sagardoa zabaltzea, ikurrina astintzea, euskaraz hitz egitea. Izerdiz bustitzea, kausa baten alde egiteko era eder bat. Beste askoren artean, herentzia txiki bat utzi digu mendizaletasunaren ikuspegi horrek: guardia zibilaren aurrean identifikatu beharra inoiz ez da gozoa, baina min gehiago ematen du karneta Anbotopean eskatzen badizute . Aizue, mendia gurea da, zer zabiltzate hemen, segi bueltan errepideetara.
Sinbolo indartsua da mendizaletasuna, izan ere: abiapuntu bat eta helmuga desiratu bat ditu, bide bat, lortu nahi dena lortzeko esfortzu bat egin beharra. Kontrako faktoreen aurrean konpromisoa erakustea, pazientzia, animoa. Ekin, gutxi falta da eta, apur bat gehiago, ez etsi.
Azken paragrafoak ezin hobe erakuts dezake urtetan eta urtetan euskararen berreskurapen-lanetan erabili den komunikazio-estrategia zein izan den. Oinez, urrats, ibilaldi, pauso, korrika, kilometro. Eta horrekin batera, ekin, animo, ez etsi... eta abar.
Azken urteotan (bazen ordua) eman diogu buelta mezuari, nire ustez. Koldo Izagirrek esan bezala autopsiarako prest utzi ziguten hizkuntza gozamenarekin lotzen hasi gara. Sakrifiziotik hedonismora. Zein polita den zuri euskaraz entzutea... eta abar. Gozokerian jausteko arriskua badu ere (badakizue, muxuen, besarkaden eta afektibitatearen garaiak dira gaur egungoak) ez goaz pista okerretik. Zor diegu hainbeste, igandero mendirako bidea hartzen zuten gazte haiei.