Behiari ardo apur bat ematen zitzaion edateko, lasaigarri gisa. Etzanda egoten zen askotan, eta urte osoan jasotzen ez zituen laztanak eta terapia tonuko hitzak esaten zizkioten ingurukoek. Txahala zuzen bazetorren, aurreko apatxak eta hankak azaltzen ziren lehendabizi, eta bertan lotzen zitzaion soka. Tira egin, indar neurtuarekin, zekienaren aginduetara beti. Burua pasatakoan ia brastakoan ateratzen zen falta zen guztia. Ondo gogoan dut lurreko harri hotzaren kontra kolpea jotzerakoan, gorputz lurruntsu harek egiten zuen ikara. Kezkatu egiten ginen umeok, baina hainbesterako ez zela esaten ziguten enegarren aldiz. Umeei horixe esan behar zaie.
Izango da hamarkada bat eta erdi ganadurik ez daukagula baserrian, Aramaion. Zirrara eragiten du amak nola kontatzen duen: kortan zegoen azkeneko behiaren bila kamioi txiki bat etorri zenekoa. Nola sartu zuten bertan, eta nolako begirada zeukan aititek, eszenaren ikusle. Mundu baten bukaera.
Ez naiz nostalgia goratu zalea. Merkatu usaineko erromantizismoaren kutsua hartzen du gehiegitan. Baserria, bere zentzu betean, lanaren sinonimo zen. Lotura, menpekotasuna, gizonezkoen eta emakumezkoen arteko amildegia, bestelako kezketarako lekurik uzten ez zuten kezken multzoa. Baina begiraiozu gaur egungo pentsamoldearen eraikuntza-prozesuari. Azken bi egunotan bi gauzaz ohartu naiz: badakidala Falete izeneko potzolo batek, giza-degradazioari ohore egiten dion telebista-saio batean, igerileku batera salto egin duela, eta iskanbila sortu dela. Eta badakidala, futbola (neurri horretaraino behintzat) interesatzen ez zaidan arren, Athletic-en Borja Ekiza izeneko jokalari bat dagoela.
Informazioaren gizartea. Nire buruari kontra egin arren, askotan aurkitzen dut merkatu usaineko erromantizismo moduko batekin kontsolatzen.