Ezinegona, noski, urpean edo elur artean dugun pertzepzioak eguneroko bizimodura salto egiten duenean hasten da. Bero handia egiten duenean asfaltoan ikusten diren olatuak edozein bazterretan eta edozein tenperaturatan ikustearena, eta era horretako gauzak. Bizitzari filtro batetik begiratzearena. Kaleidoskopio bat erretinan.
Sentsazio horren sintesi latza egiten du Rafael Berrio donostiarrak Simulacro kantan. Esaldi bat nahikoa da: “beldur naiz ez ohartzeaz bizitza, gertatzen ari den une zehatzean ari dela gertatzen” (barka itzulpen kaskarra). Simulakro bat bizi dugula, ageria: guk bizi dugula uste dugunaren proiekzio bat. Hau egin behar dut, hurrengoa bukatu, agendari begiratu bat eman, gogoratzen al duzu esan nizun hura, halakoa egin eta gero hartuko dut atseden. Gero eta erraztasun gehiago ditugu gero eta gauza gehiago egiteko: gure buruari jartzen diogun exijentzia-langa gero eta gorago dago. Eta, bai, neurri batean, teknologia berrien ustiapen zoro honek lagundu egin du horretan (atzerakoia naiz?). Garai batean, guk sortutako proiekzioek gure buruen kontra egiten zuten talka. Orain, era eta tamaina guztietako pantailatan ikus ditzakegu.
Eta horrek guztiak nekea dakar. Abailduta sentitzea norbera. Eta hori bai ezin dela proiektatu, edo gerorako utzi.
Egunero pasatzen naiz, autoan, Zigoitiko “San Pedroko baserriak” auzunetik. Legutiotik bertarako bidea zoragarria da, izan eguraldi ona, zein txarra. Presarik gabe gidatzen joan, eta gozatzeko moduko errepide horietako bat. Azken egunotan, goizean goiz, oraindik ilunpean, orein pare batek gurutzatu dute errepidea, auzunera iritsi aurretxoko bihurgune batean, justu nire autoaren pare-parean. Ederrak, adar-sail ikusgarriarekin. Jadanik hiru egunetan gertatu zait gauza bera, segidan.