Los Angeles

Erabiltzailearen aurpegia Manex Agirre 2013ko urt. 14a, 09:00

Manex Agirre

@manexagirre

 

Urtebetea joan da. Memoriarena ikaragarria da: metraje osoa ematen dizu, oraindik, egun batzuetara; flashback eta flashforward-ak egiten hasten zara, nahigabe, sortutako hutsuneen gainetik, handik aste batzuetara; gaizki egindako trailer bat uzten dizu, bereizmen hobezineko fotogramak lainoarekin tartekatuta, hilabete batzuk pasa ondoren.

 

Los Angeles parrokian gertatu zena, une zehatz bateko emozioaren eta autoantolakuntzarako gaitasunaren uztarketa zoragarria izan zen. Tartean ez zegoen alferrik urtetan eta urtetan filosofia horrekin funtzionatzera ohituta dagoen jendea; ez du Ekaitzek alferrik eman bizitza erdia era horretan lanean. Ikusi genuen posible zela hiruzpalau egunetan goi mailako bertso-saio bat antolatzea (beste batzuk, bide “ofizialetik” astea joan eta astea etorri burua apurtzen ibiltzen garen bitartean); hainbat eta hainbat kultur mugimendutako jendea elkarretaratzea, formatu eta helburu ezberdinetako agerpenen bidez; sormenari erreibindikazio kutsua ematea, sormen-izaera ukatu gabe; komunikabideekin izan beharreko harremana era egokian kudeatzea, eta zabaldu beharreko informazioa bide egokietatik zabaltzea; arazoa sozialitzatzea, kalean presente egotea; sekulako marketeria-lana egin eta matriuska gorri-beltz batzuk, ezerezetik bezala, agertzea… Eta errepikatzeak ez dakar nekerik: guztia hiruzpalau egunetan, atzera kontaketa, zoritxarrez, martxan baitzegoen jada. Ekaitzek berak beste balio du, une hartan, Ekaitzen babesera bildu zen jende horrek. Ekaitzek hainbeste balio duelako egin zuen, jende horrek, egin zuen guztia. Lezio bat izan zen.


Beltza, Gauza eta hirurok foru enparantzako eszenatokira kantura igo ginenean (beti bezala, behar beste entsegu egin gabe), ez zen hotza bakarrik dardara eragiten ziguna. Aurreko asteetan hainbatek egindako lanak erantzukizun berezia eransten zion une horri.


Bereizmen hobezina, HD, nahi duzuen bezala deitu: kostako zaio memoriari, Corte Ingleseko larrialdietarako eskaileran ikusitakoa lurruntzea. Seguru Ekaitzek berak ere barre egingo ziola zinpeko zaintzailearen babo aurpegiari. Halaxe zaude presente, gurekin.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago