(Ikusten duzunez, ironia kutre bat besterik ez zen, zer eta zuri arrazoia emateko, Gaizka. Beraz, barka atrebentzia...)
Gaur egun, normalizazioaz ari garela, zaila da entzutea, gurean behintzat, hizkuntza gutxituen sustapenaren aurkako diskurtso edo mezurik (eta, baldin badago, euskaltzaleen artean nolabaiteko sua pizten du, gutxienez). Oraindik gutxiago euskal erakunde publikoen aldetik: esango nuke, hala pentsatzen duena ere ez dela hainbesterako ausartzen. Nahiz eta askok “euskararen alde daudela” esan ondoren “inposiziorik gabe” esamoldea txertatzen duten automatikoki, batak bestea berez balekar bezala, oso gutxi dira “euskara sustatzearen kontra” daudela esaten dutenak. Beti ere, gurean gertatzen denaz ari naiz, noski: beste gauza bat da Madril.Gauzak bestelakoak dira, ordea, praktikara pasatzen garenean. Hizkuntza baten normalizazioa egiteko modu bat baino gehiago egon daiteke, edo erritmo bat baino gehiago, nik zer dakit. Baina ez daude normalizazioa egiteko ehun edo mila modu. Eta, zorionez, herri honetan, urteen poderioz zer egin eta nola egin ikasten joan gara, eta ezarri ditugu oinarri batzuk, akatsetatik ikasiz eta berrikuntzak onartuz. Iruditzen zait baditugula, soziolinguistikan, oinarri batzuk, adostasun orokor batzuk. Zenbaitzuek entzungor egiten duten arren.
Politikari onak (eta ez da oximoron bat; badaude halakoak) koherentziaz jokatu nahi badu, beste batzuen aholkuak jasotzen utzi behar dio bere buruari. Erabakiak hartzen dituenak aholkuak behar ditu, jarraibideak, aurrez egindakoaren analisiak, diagnostikoak; eta hobe dakienaren ahotik badatoz. Ez gara orojakileak (eskerrak!).
Guk, bitartean, gure tinbrea jotzen duenari euskaraz edo erdaraz egin behar diogun zalantzan segiko dugu, estres linguistikoak jota.