Jaialdiak berak sortu zien ezin eramaneko higuina: begiak zulatzeko moduko argitasuna duten iragarkiak alde guztietan, jaialdira “joan egin behar delako” joaten den jendearen jarrera, prezioez hobe ez hitz egin… Kultur-ekitaldi masibo bat izateko itxura duen zerbait, baina “kultur” eta “ekitaldi” hitzak kendu, eta “masibo” bakarrik utzita ia zentzu berbera hartzen duena, azken finean.
Green Day 2013ko BBK live-ra datorrela eta, orain gutxi entzun dizkiot adierazpen batzuk Last Tour International-eko arduradun bati: sekulakoa dela Green Day Bilbora etortzea, behingoz “sarrera guztiak salduta” dioen txartela jarri nahi dutela jaialdiko atean, badakitela zenbateko garrantzia duen jaialdiak hiriaren ekonomian, ostatu eta komertzioek poltsakada ederrak jasotzen dituztela asteburu horretan, eta gehiago jasotzea espero dutela… “Musika” hitza ez zuen aipatu, ez gutxienez irratiak aukeratutako kortean. Hori bai, “masibo” hitza, zuzenean aipatu ez arren, usaindu egin zitekeen…
Krisian egongo gara, baina gizarte honetan arrakasta duen edozer gauzak diruarekin du zerikusia, oraindik. Zerbait ona, zerbait garestia da. Ona den gauza bat jaso nahi bada, ordaindu egin behar da…
Eskerrak Maroto jaunak ez dakien Green Day izeneko talde bat existitzen denik, bestela ekarriko zuen bere baso berri horren inaugurazio-ekitaldira; Green izenak hainbeste merezi du eta (gainera, gaur egun politikan modan dagoenez, ukitu modernillo-semimakarra emango lioke keinuari). Baina lasai, Heineken basoak arrakasta izango du: horregatik ordaindu du garagardo-enpresak X diru, horregatik da merezi duen zerbait, zerbait ona. Bitartean, izenik ezagutzen ez diegun (baina zalantzarik gabe berezkoa izango duten) basoetara joatea gelditzen zaigu, perretxikotan. Zerbait ona, merkea, piensaenverde-rik gabea (berdea, dolarraren kolore eder hori).