Liburuan behin baino gehiagotan aipatzen da Bordeleko kale-estatua bat, “Gloria victis” izenekoa. Protagonistetako batzuentzat esanahi berezia du Antonin Mercié-ren irudi alegorikoak: aingeru bat, besoetan hilzorian dagoen gudari bat besotan daramana. Zerikusirik ez duen arren, buruaren kapritxoak zer diren, Gasteizko Amarika plazako “El hombre con arco iris” eskultura ekartzen dit burura. Casto Solanoren lanak gizon bat du ardatz, beso zabalik, aurpegia zerurantz zuzenduta. Besoetan ez du gudari hilotzik, ortzadar bat baizik, esku batetik bestera doakiona.
Bi irudiek balio dezakete Martutenen zorrotz aztertzen den problematika bat irudikatzeko (horretarako daude artikulugilearen lizentziak…): belaunaldi ezberdinen arteko talka behin eta berriz azaltzen zaigu eleberriko lerroetan. Batetik, “Gloria victis”: belaunaldi gazteek zaharragoek eman dieten zama daramate beso artean, ezin askatu, ezin aingeruak libre hegan egin beso artean erdi agortutako ideal zaharrak badaramatza. Bestetik, “El hombre con arco iris”: zergatik ez sinetsi datozenen gogo askatzailean, bizitzari aurpegia erakusteko gogoan.
Bietatik izango dugu gaur egun, seguru asko. Baina gauza batzuek kezkatzen naute… Gurasoek betidanik esan digute ondokoa: “pentsatzen nuen gure belaunaldia izango zela elizatik ezkontzen azkena, gauza batzuk aldatzen joango zirela, ohitura berriak sortuko zirela, parekideagoak…”. Eta, nik behintzat, zentzu horretan ez dut nahi nukeen aldaketarik ikusi. Belaunaldi berriak izan arren, belaunpean berritu ez ote garen.