Gure ama Gasteiza etorri zen Aramaiotik, 14-15 urterekin, mojatara, ikastera. Bakardadearen Kantoian bizi izan zen (euskara itzultzeak espanturik eragiten ez didan leku bakarrenetakoa, alde zaharrean); izenak berak badakar jokoa. Bakardaderako okasio gutxi ematen omen zuen Gasteizek, ordea, ama etorri zen garaian: jendeak elkar ezagutzen zuen kalean, herria omen zen oraindik, ezkutuan ibili behar omen zuten ezkutuan ibili nahi zutenek (orain? Orain dena da bakardadea eta anonimotasuna... “look at all this lonely people”, eta hori dena).
Mojen manupean zegoela, behin, Amak kontatu izan digu Italiako mapa buruz errezitatu beharra izan zuela behin. Ariketa hura gaizki egin, eta 100 aldiz kopiatu behar izan zuen mapa. Italiako maparekin ez, baina ondo oroitzen da ordukoarekin. Horra, zer den memoria, zer den lekua eta denbora lotzea: Bakardadearen Kantoiaren eta Italiako maparen artean badago lotura bat (estua, zergatik ez?), niretzat behintzat.
Animoak eta hankek laguntzen badute, Salburuako orubeetaraino iritsi daiteke bat. Ez hezegunera, auzo berri green animatu eredugarri izan nahi lukeen eremura baizik. Gezurra dirudi, gaur egun “Aerodromoaren pasealekua” izena duen ibilbidean, garai batean, horixe, aerodromo bat egon zenik. 1979 urtera arte, hain zuzen ere. Beraz, espazioa eta denbora lotzea bakoitzaren irudimenaren mende gelditzen da, beste behin. Eta irudimenak laguntzen ez badu, sarearen hatzaparretan erortzen uztea ere bai: horrela jakingo du, jakin nahi duenak, Emilio Mola jeneralak aerodromo horretantxe hartuko zukeela lur, zeraman hegazkina Bureba inguruan jausi ez balitz.