Muturrekoa (izatea) Espainiarekin

Erabiltzailearen aurpegia Manex Agirre 2012ko eka. 18a, 10:45

Manex Agirre

@manexagirre

 

Aste honetan zehar espainiar gobernuko klase politikoak esan dituenak entzunda, salbuespenak salbuespen, dena oso sinplea dela iriztera iristen gara. Manikeismoan erortzeko tentazioa, muturreko iritzi kontrastatu gabeak isurtzeko gogoa. Harrokeriak eta puztutasunak zerbait eragiten badio pertsonari (politiko horiek pertsona badira oraindik), gauzak bere osotasunean ikusi ezina da.

Beraz, horixe egiteko asmoa hartu dut nik ere. Gauzak gehiegi pentsatu gabe idatziko dut, nire iritziak autokuestionatu gabe, erradikaltasun subjektibo totalean erortzen utziko dut nire burua. A ze gozatua. Banoa.

Espainiak (horrela, gordin esanda) bere iritziz espainiar garenoi azken urteotan kendu dizkigun gauzak, pertsonak, edo asmoak zerrendatzen hasiz gero, Hirinet-eko erredakzioko lagunek baimendutako karaktere kopurua gaindituko nuke erraz.

Espainiak bere iritziz espainiar garenoi azken urteotan eman dizkigunak  zerrendatzen hasiz gero, ordea, zerrenda laburra ateratzen zait. Gainera, eman digunetik merezi ez duten gauzak kentzen baditugu (futboleko kopa pare bat, edo Almodovarren azkeneko pelikulak kasu), ezer gutxi gelditzen zaigu probetxugarria: Muchachada nui,  Jerteko gereziondoak, Nacho Vegasen kanturen bat, salmorejoa…

Ni, pertsonalki, Burgoseko lagun batek eman zidanarekin konformatzen naiz (gizarajoa, Burgoseko laguna, berak emandakoa Espainiak emandakotzat identifikatzen dudala enteratzen bada). Bizilagun izan ginen garai batean, eta ordenagailu eramangarria eskatu zidan behin, berea izorratuta zeukalako. Astebeterako eman nion, eta itzultzerakoan, musikaz kargatuta itzuli zidan disko gogorra. Era guztietako kantak eta musikariak. Bejondeiola.

Total: Espainiak ia dena du txarra, gauza gutxi ditu onak, eta on horietatik bakarren batek soilik merezi du.

Eta, bide batez: Espainiarekin muturrekoa izateko, autokuestionatu gabe iritziak botatzeko, ez da ahalegin handirik egin behar. Artikulu hau idatzi bitartean ohartu naiz; hau da, berandu.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago