Esan gabe doa estreinaldia, nola ez, euskararen normalizazioari eskainiko diodala, espezialista bainaiz nire hitza jaten. “Saiatuko naiz” esan dut, ez besterik. Hitz hanpaturik ez, eta abstrakziorako joera gutxi oraingo honetan, dena dela. Azkenaldian euskaren –gintza, -kuntza, -gile eta halakoei buruz idazten dutenek artikulugintzako azpigenero bat garatu dutelakoan nago; eta, txarrenera, artikulu horien artean zenbait esaldi trukatuz gero zentzua izpi bat ere aldatuko ez delako inpresioa dut. “Arnasgune” hitza jarri zaigu modan azkenaldian. Egia esan, ez dago gaizki ekarria: euskal hiztunak arnasa hartzen duen lekuak dira euskararen arnasguneak. Inkontzienteki egin dezakegu zerrenda Gasteizen: Aranbizkarrako Amaia zentroa euskararen arnasgune izan da urtetan, udalak erabaki arte (euskal) aire garbi gehiegi zebilela bertan. Arnasgunea da Judimendiko Xagumendi elkartea, eta antolatzen duten eskaintza zabala. Arnasgune dira Gasteizko Gaztetxea eta Hala Bedi irratia (eta laster, oraindik gehiago). Arnasgune tenporala da Parral taberna (asteartetan batez ere… Eta tenporala izateak ez du garrantzia gutxiagorik). Arnasgune (pintzaz hartuta) da aiztogile kalea ostegun iluntzeetan… Zerrenda osatzen jarrai dezake, nahi duenak, garai digital hauetan erantzunak libre eta berehalakoak baitira. Bitartean, arnasguneak gorde, eta arnasgune ez direnak “itoleku” (putzu?) ez izaten saia gaitezen, har deza(gu)n arnas.