Txokozalekeriaz

Erabiltzailearen aurpegia Maialen Berasategi 2017ko mar. 17a, 16:25

"Ez dute ulertzen nolatan tematzen garen txoko-kultura ustez murritz hau egin eta kontsumitzea"

Euskaldunok txokozale-fama dugu euskal herritar ez-euskaldun askoren artean: haien buru-hitzetan, txoko-hizkuntza batean mintzo gara (txokolatezko zereal batzuen izena dakar gogora, baina, gai honetan, txoko hitzak askoz gehiago du txokolatearen mingotsetik, gozotik baino). Ez dute ulertzen nolatan eta zertarako tematzen garen txoko-egunkari eta -astekari mehe hauek leitzen, txoko-kultura ustez murritz hau egiten eta kontsumitzen, txoko-hizkuntza honetan ikasten eta lan egiten, entenditzen hala etxekoak nola mundukoak. Springsteen maitatu eta Ordorika nor den ez dakiten horiek, Conil de la Frontera zehazki non dagoen jakin bai baina Andoain mapan gutxi gorabehera kokatzen ere ez dakiten horiek, zuzenean edo zeharka, txikikerietan itsutzea leporatzen digute, gure zilbor-zulo ziztrinetik harago ikusten ez duten miopeak bagina bezala; hain da erraza munduzaletasuna-txokozalekeria dikotomia aizunean gerizatzea… Guk badugu haien berri, guk badezakegu haiena ulertu, baina Goenkale zer zen sekula jakin ez zuten horiek, bertsolaritza sabanako tribuen errituak bezain arrotz zaien horiek, "aquí" esaten dutenean, axolagabe inoreztatzen dute hemen horren puska handi bat: haien aquí mardul, ofizial eta orohartzaile hori kabitzen da gurean, baina, gauzak zer diren, gure hementxoak tokirik ez haienean. Bertantxe dutenetik harago soilik ikusten duten hipermetropeak dira. Eta borondatez, gainera.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago