Nire hizkuntza, zure librabidea

Erabiltzailearen aurpegia Maialen Berasategi 2016ko aza. 18a, 16:44

Marrazkia: Amaia Elorza

"NIRE hizkuntzak gobernatzen du mundua, eta ez da ingelesa"

Ez duzu entenditzen, g(iz)ajo horrek: ez du inporta euskaraz, gaztelaniaz edo frantsesez mintzo zaren. NIRE hizkuntzak gobernatzen du mundua, eta ez da ingelesa. Nire hizkuntzak den-dena esaten du, baina ezer esan gabe. Eta zure gisakoek zenbat eta gutxiago ulertu, hobe. Izan ere, aurrerabiderako [hazkunde neurrigabe eramanezinerako], nahitaezkoa da jende xeheak [orotariko baliabidez gabetuak] nire modukooi uztea erabaki garrantzitsu eta zail horiek: batzuetan, esaterako, ez dago beste aukerarik prezioak egokitzea [igotzea] baino; beste batzuetan, nahitaezkoa izaten da lan-merkatua malgutzea [kaleratzeak merkeagotu eta lan-baldintzak ziztrintzea], halabeharrez noski [niri komeni zaidalako]. Horrek, okerrenera ere, berekin ekar dezake zure gisakoen erosahalmena des-handitzea [zu areago txirotu eta ni nagoen moduan edo hobeto geratzea], baita beste albo-kalte batzuk ere [etxegabetzeak, gaixotasunak, prekaritatea, pobrezia energetikoa]. Baina mundua ez dut nik halakoa egin [gehiago ikastea eta espabilatzea zeneukan, alferrontzi horrek]. Guztiz desfaboretua [pobrea, baztertua, zapaldua] izan nahi ez baduzu, gerrikoa estutu beharko duzu [ez zaitez saiatu ni bezala bizitzen], edo, bestela, mailegu bat eskatu: niri. Lasai, zeren gero epe erosotan itzuli ahal izango baitidazu [zorpetuta edukiko baitzaitut betiko]. Horixe izango duzu libratzeko [kaka praketan geratzeko] bide bakarra.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago