Gure gizartean, agintari eta parasito txoferdun pikaro batzuek ezjakin zozo samarren rola hartzen dute lapurtzat eta usteltzat har ez ditzaten: badute antz pixka bat eskolan barrabaskeriak egin arren azkenean beti libratzen ziren ikaskide horiena. Beste pertsona batzuek, berriz, dagokien lekua aski ez, eta denon espazioa inbaditzen dute, eskolako futbol-zelaia beretzat hartzen duten –ia-ia beti– mutikoen antzera. Zenbaitek asko dute, baina ez diote inori apurrik ere ematen, ikasgelan albokoari pinturak uzten ez zizkion hark bezala; beste zenbait, aldiz, apur batzuk baizik eduki ez, eta apur hori edonori emateko prest beti, atsedenaldian ogitartekorik gabe geratu ohi zen ikaskide gaixo haren gisan. Batzuek, dialektika dotorea eta bestelako pizgarri kapitalagoak erabiliz, dialektikaz asko jakin ez baina indarkeria baliatzeko batere arazorik ez duten jazarroiak kontratatzen dituzte ustezko segurtasun-agente gisa, parean eta pareko nahi ez dituztenak azpiratzeko, eskuak zikindu gabe betiere. Jakina denez, halakoxe hierarkia izaten dute eskolan nolabait ahul edo ezberdin direnei erasotzen dieten oilo-oilartxo taldeek ere.
Gero, hori bai, izugarri larritzen eta harritzen gara denok eskolako jazarpenarekin-eta, mundua ez balitz bezala eskolako patio handi bat, eskolako patioan dagoela ez dakien edo jakin nahi ez duen jendez betea, patioan dagoela ederki dakien jendearen mende beti.