Martxoaren 8aren harira idatzi direnez nazkatuta zauden lagun maite hori:
Zer aspergarriak garen desoreka estruktural atergabe batengatik protesta atergabean tematzen garenok, ezta? A zer betekada emakume hitzarekin, eta matxismo hitzarekin. Normala nekatzea, bai: izan ere, martxoaren 8an, genero terminoa sexu hitzaren sinonimo eufemistiko politikoki xuxen bat dela uste duten hedabiderik patriarkalenak ere aritu dira lan-arloko arrakalaz eta "etxe barruko indarkeriaz" (sic). Bat-batean, martxoa iritsi, eta irudipena duzu leku guztietan gaudela F letraz hasten garen horiek, Interneten, telebistan, prentsan, eta beti kexaka, jope. Hemen denok gaude berdintasunaren alde, ezta? Baina pasatu gabe.
Urte guztian ikusezin dena ikusgaitzen denean, orduan dator enpatxua, monotema-sentipena. Baina, mundua irauli ezin dugun bitartean, guk ez dugu eskatzen munduko biztanleen erdiei dagokien erdi hori baino. Erdia, bai, baina erdi hori oso-osorik. Eta horretarakoxe behar da isilaraziei hitza eman, ezkutaraziei arreta jarri, desoreka eta indarkeriei izena jarri, eta desoreka, indarkeria eta botere-harreman horien kontra urteetan egindako lanaren eta borrokaren izena ez ikusezindu, andre-jaunok, zeren nekez egingo baitugu andreen eskubideen alde eta matxismoaren aurka baldin eta F letraz hasten den lan eta borroka hori, hots, feminismoa aipatzeak lotsatzen edo nekatzen bagaitu.