Gorputz dismorfikoak

Erabiltzailearen aurpegia Maialen Berasategi 2016ko urt. 25a, 15:32

Psikologian –beste logietan bezala–  badira termino hanpatsu deigarri batzuk. Horietako bat da gorputz dismorfikoaren nahasmendua (GDN); edobestela esanda: norberaren itxuraren gaineko kezka obsesiboa, berekin dakarrena norberaren gorputzean nonahi akatsak ikustea eta, beraz, akats horiek nola hala ezkutatzeko behar larri etengabearekin bizitzea.

 Ez da txantxetako kontua: haren ondorioen artean daude, besteak beste, segurtasun-falta izugarria, bizimodu soziala eta lana egoki egiteko zailtasuna, antsietatea, depresioa eta, muturreko kasuetan, suizidiorako joera.

Gorputz dismorfikoaren nahasmendua izan duten gizon ospetsuen adibidetzat jarri ohi da, ia aho batez, Michael Jackson zena. Gogoan ditugu haren bilakaera fisikoa eta eskandalu ez-fisikoak. Maiz esan da, izan ere, Jackson gaixo zegoela, patologia bat zuela. Bada, Nuria Varelak Germaine Geer idazlearen aipu hau ekarri zuen Feminismo para principiantes liburura: «Gizonengan patologiatzat jotzen dena, emakumeei eskatu egiten zaie». GDNa eritasun bitxi bat da gizonen artean; emakumeontzat, berriz, arau sozial bat, normaltzat jotzen den neurosi fisiko bat, ispiluaren menpeko eta etsai bihurtzen gaituena eta gorputzean gero eta era sofistikatuagoan gero eta akats gehiago aurkitzen dizkiguna, mila ukendu eta torturagailu estetiko kontsumi ditzagun, ez gaitezen nor izan, eta geurezko senti dezagun berez kanpotik ezartzen zaigun ustezko perfekzioaren nahi eta ezinaren konplexu irentzailea.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago