'Upcycling'-a

"Kontzeptu berria bada ere, marka eta diseinatzaile asko dira honetara batu direnak"

Konfinamenduan loratutako tendentziez hitz egiteko tentazioa izan dut. Bai bai, pijama, txabusina, txandala eta haien arteko konbinazio zoroen inguruan. Baina, dagoeneko mugikorrak honen inguruko bideo eta memez josita ditugu eta etxean bertan makina bat look ikusgai ere. Baina bada moda diseinuari dagokionean beste gai interesgarri bat etxetik ezin atera eta erosketarik ezin egin honek gaurkotasunera ekarri diguna: upcycling-a.

Balio gutxiko piezak, materialak edo hondakinak erabiliz kalitate hobeko objektuak sortzea da upcycling-a. Hau da, birziklatzearen bitartez, jatorrizko objektuaren kalitatea hobetzen duen berri bat sortu, modaren kasuan, izan oihal, jantzi edo konplementu. Moda iraunkorraren munduan kontzeptua berria ez bada ere, gutxitan daramatzagu soinean upcyclingaren bidez sortutako jantziak. Hala ere, diseinatzaile eta marka asko dira honetara batu direnak. Soberan dira noski haien izena garbitzeko soilik batu direnak, Inditex bera esaterako, baina askoz gehiago sormenaren bitartez pieza original eta ederrak sortzen dituztenak.

Adibide onak dira Ecoalf-ek plastikozko botilak edo arrantza sareak birziklatuz sortutako oihalekin egiten dituen berokiak, Tytti Thusberg-ek birziklatutako segurtasun uhalekin egindako poltsak, Demano-k baztertutako publizitate olonekin egindako motxilak eta nola ez upcyclingaren maisuaren, Martin Margielaren, hainbat eta hainbat bilduma. Konfinamendu egun hauetan etxea garbitu eta materialak biziberritzeko aukera paregabea dugu askok, sormena eta birziklapena uztartuz. Nik behintzat urteetan pilatu ditudan eta gordeta nituen materialak, oihal erakusgaiak eta arrastakin kuttunenak kutxatik atera ditut eta upcycling-ari ekiteko momentu aproposa topatu dut!

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago