Moda versus arropa

Aska dezagun modaren mataza eta eman diezaiogun merezi duen lekua arropari!

Modari buruz ari garenean, ideia ezkor asko datozkigu burura. Sexismoa, kutsadura, kontsumismoa, gehiegikeria eta esplotazioa, besteak beste. Baina modak baditu alderdi positibo ugari ere, batzuetan ikuserrezak ez diren arren. Kultura, sormena eta ezagutza askoren emaitza baita moda.

Urteetako kapitalismoak estali egin ditu alderdi interesgarri horiek guztiak. Gure ezagutzen balioa gutxitu eta ekoizpena herrialde txirotuetara eraman du, haien lana ere gutxietsiz. Munduko sektorerik feminizatuetako bat izanik, hegoalde globaleko emakumeak esplotatzen dituen bitartean, iparralde globalekoak kontsumitzaile huts bihurtu ditu, zer nolakoak gainera. Enpresariek haien poltsikoak gizentzen dituzte, gu hangoen lepotik janzten garen bitartean.

Testuinguru honetan, nola azalerazi modaren alde ona? "Agian, aurrerantzean, modaz hitz egin beharrean, arropaz hitz egin beharko genuke". Hori dio Li Edelkoort moda tendentzia iragartzaile nabarmenak, egungo moda eredua atzean utzi eta arropari duen garrantzia itzultzeko deia eginez. Zeren, moda eta arropa ez dira gauza bera. Moda aldakorra eta arrakastatsua den arropa multzoa da, industriak sortutako produktua. Arropari so eginez ordea, prozesu sakon eta aberatsa topatu dezakegu.

Arropagintza antzinako ezagutza bat da, bere baitan askotariko teknikak biltzen dituena. Arropa identitate modu bat da, gure burua bereizteko ez ezik, taldearen parte egiten gaituena. Arropa diseinua, originaltasuna eta ausardia da. Arropa artisautza da, folklorea, gure sustraien erakusle. Gure arbaso emakumezkoen jakintzaren lekuko.

Moda eta bere kontuak alde batera utzi eta jar dezagun arropa erdigunean. Arropak balioa baitu, eta handia gainera. Ikus dezagun arroparen atzean dagoen lana eta edukia. Aska dezagun modaren mataza eta eman diezaiogun merezi duen lekua arropari!  

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago