Zuntza

Erabiltzailearen aurpegia Maddalen Agirre Loinaz 2018ko aza. 19a, 13:32
M. Agirre Loinaz

"Badugu non ikertu eta probatu. Hamaika oihal goxo, bero, fresko zein berde daukagu aukeran".

Jantzi bat kalitatezkoa izan ala ez, neurri handi batean, materialaren araberakoa da. Eta arroparen jasangarritasunari so egiterakoan, oihala izango da neurgailu garrantzitsuena. Pieza bakoitzaren iraunkortasuna neurtzeko, ekoizpenean zehar eta zaborretara botatzerakoan lagatzen duen aztarna hartzen da kontuan, batik bat. Horretarako, produkzioaren hainbat parametrotan jartzen da arreta: energia, ur eta kimikoen erabilera, eta sortutako hondakinak, besteak beste. 

Gaur egun oihal jasangarriagoen hamaika adibide interesgarri eta berritzaile daude merkatuan. Naturalak eta artifizialak. Ohikoak, birziklatuak eta originalak. 

Poliesterra da modaren industrian gehien erabiltzen den materiala. Ez da harritzekoa, beraz, proposamen berrien artean poliester birziklatua izatea izarretako bat; erabilitako oihalekin edota plastikozko botilekin egin daiteke hau. 

Lyocell-a beste ehun arrakastatsuenetako bat da. Ohiko oihal artifizialen aldean, baliabide gutxiago behar ditu ekoizpenean, eta guztiz biodegradagarria da. Suabe eta arina da, merkatuan geroz eta gehiago erabiltzen dena.  

Zuntz naturalak, ordea, organikoak izanik, biodegradagarriak dira berez, baina ez dira ekologikoenak halabeharrez. Ohiko kotoia sortzeko prozesuan, esaterako, ur eta kimiko kantitate ikaragarri handia behar da. Organikoak, berriz, landatze prozesu errespetuzkoagoa bermatzen du. 

Badira betidanik nahiko berdeak izan diren ehun naturalak: lihoa eta kalamua. Berritzaileen artean asuna, bananondoa edo koko azalarekin egindakoak daude. Azken hau, mendiko eta kirol-arropa egiteko aproposa. 

Narruaren ordezko material begano zein bitxiak ere topa ditzakegu ehun berrien artean. Piñatex-a, adibidez, ananaren zuntzen bitartez sortutakoa da. Beganoa izateaz gain, ohiko sasi-narruak baino jasangarriagoa da. 

Zalantzarik gabe, bada non ikertu eta probatu. Hamaika oihal goxo, fresko, atsegin zein berde ditugu aukeran. Eta hauetako asko, gure hirian bertan topa ditzakegu. Etiketak begiratu eta galdetzearekin has gaitezke. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide