Udazken koloretan

Erabiltzailearen aurpegia Maddalen Agirre Loinaz 2018ko ira. 15a, 09:05

M.Agirre

"Janzkera elementu indartsuenetako bat da kolorea, begi kolpe batean komunikatzeko gai".

Badator udazkena eta harekin batera armairua aldatzeko garaia. Jertseak eta bufandak, artilea eta pana, izango dira datorren hilabeteetan gure janzkeraren protagonistak. Gure arropen koloreak aldatuko dira baita ere, hori diote behintzat modan adituek. 

Tendentziagile, diseinatzaile eta blogariak denboraldiz denboraldi hurrengo urteko pantone arrakastatsuenak iragartzen aritzen dira. Modaren guruek proposatutako koloreak izango dira pasarela eta dendetan ikusiko ditugunak, bestelakoak hilabete edo urte batzuez alde batera utzita. Aukeratutako koloreen Òabardurak adierazteko, haietako bakoitzarentzat izen bitxi zein korapilatsuak asmatzen dituzte. Esaterako, Indioilar arrosa, Mitxoleta kementsua, Lurrun kondentsatua edota Ekaitz urdina. Halakoxea da moda!

Hein handi batean kontu hauek moda industriaren gutizi eta trikimailuak diren arren, zalantzarik gabe kolorea janzkeraren elementu indartsuenetako bat da, begi kolpez komunikatzeko gai. Estuki lotzen da kultura eta garaiarekin, baita norberaren izaera eta oroitzapenekin. Kolorea emozioak mugitzeko gai da. Haren tonu, Òabardura eta konbinazioak hamaika sentsazio eta bibrazio sortzen dituzte. Gurean, baina, beltza eta grisa izaten dira nagusi, neguan batez ere. Kolore dotoreak, baita serioak eta ilunak ere. Horregatik, apetan dituzuen kolore guztiak erabiltzera animatzen zaituztet, bihotzak eta begiak alaitu ditzagun! 

2018-2019 udazken-neguko iragarpenak, udazkeneko ohiko koloreetatik edaten du, baina, freskoagoak diren koloreekin sintonian. Hala, azaroko paisaien gorrixka, granate, laranja eta ziapea, fuksia, more, lila, turkesa eta limoi horiarekin uztartzen ditu, kolore paleta bero bezain bizia eskainiz. 

Eta tendentziei kasu eginez, proposamen pertsonala botatzera ausartuko naiz: Mahats dardara, Urre herdoildua, Astindu morea, Lila lanbroa, Ametsetako izokina, Urdina Bergarakua… eta beltz beltza, jakina!  

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago