Modarena omen da munduko bigarren industriarik handiena. Ez dira harritzekoak, beraz, ehungitzan ematen diren gehiegikeriak, hala nola ingurugiroarentzat kaltegarriak diren ohiko praktikak, edo industriako langileen osasun eta diru baldintza tamalgarriak.
Sektoreko langile gehienak baldintza kaxkarretan aritzen dira: diseinatzaile, dendari zein hornitzaile. Baina, jostunen egoera da kaxkarrenetan kaxkarrena. Modaren katean galtzaileenak, eta emakumeak gehiengo nagusia, nola ez.
Haiek egiten dute soinean daramagun arropa polit eta merkea. Josteko makina aurrean dutela, sisa berdina behin eta berriz josten dutenak lanaldi amaigabeetan. Kanbodia, Txina, India eta Bangladeshekoak dira, besteak beste; eskulana merkea da oso, gutxieneko soldata oso baxua, eta segurtasun eta osasun arauak onartezinak. Gainetik, neurri eta arau guzti hauek betetzen dituzten nagusiak, eskasak. Gobernu, enpresari eta multinazionalak guztiak dira egoera honen erantzule.
Berriki, Akter Kalponak eskainitako hitzaldira joateko aukera paregabea izan dut; Bangladeshko ehungintzako langileen eskubideen aldeko ekintzaile da, eta emakumea. Kalpona ehungintzan aritutakoa da, eta aspaldian langileen eskubideen borrokan dihardu. Ondotxo ezagutzen du industria honen errealitatea. Eta marka hauei egiten zaien boikotaren aurka agertu da; haren iritziz, ez da hori irtenbidea, milaka lagun lanik gabe geratuko liratekeelako, eta pertsona askok eta askok jardun hori behar dutelako bizirauteko. Kalponak galdetu, presionatu eta exijitzera deitzen gaitu. Mendebaldeko bezeroen esku baitago transparentzia eskatu eta egoera aldatzea.
Planteamendu hark harritu ninduen, aspaldian pentsatzen baitut enpresa erraldoi eta maltzur guzti horiek bazterketa besterik ez dutela merezi. Eta posible den heinean, hobe dela aukera iraunkor eta etikoengana jotzea, moda azkarraren arrakasta urratuz bide batez. Halaxe pentsatzen jarraitzen dudan arren, Akterri ez zaio arrazoirik falta. Hemen kontsumitzen da ekialdeko fabriketan ekoizten dutena, eta hemengoak dira enpresa horien nagusiak. Beraz, moda azkarra kontsumitzen jarraitzen dugun bitartean, badugu zer egin, zer galdetu eta zer exijitu. Nondik dator? Nola egin da? Eta Fashion Revolution plataformak proposatzen duen bezala: "Nork egin du nire arropa?".