'Vintage'

Erabiltzailearen aurpegia Maddalen Agirre Loinaz 2018ko api. 22a, 09:00

'Vintage´ilustrazioa. / Maddalen Agirre

"Janzkera uniformea astintzeko aukera ematen dute vintage arropek eta osagarriek".

Modaren esparruen artean, vintagea da nire kuttunena. Sarritan aritu naiz alor horretan lanean, eta, aspaldi jarduten ez naizen arren, ez dut aukerarik galtzen vintage arropa eta osagarrien artean ibiltzeko.

Noiz da vintage jantzi bat? Zabalduen dagoen ikuspuntuaren arabera, eta zalantzak argitzeko, 20 urte baino gehiago eta xarma berezia duten jantziak dira vintage, kalitatezko diseinu, patroi edo oihalekin sortutakoak. Beraz, bigarren eskuko jantzia izaten da gehienetan, baina bereizgarri batzuk izan ohi ditu. 

Vintage modak zenbait abantaila eta ezaugarri ditu desiragarri egiten dutena eta hain modan jarri dutena. Hasteko, modaren industria globalizatu honetan, pertsonen janzkera uniformea astintzeko aukera ematen du. Jantzi horiek, esklusibotasunaz gain,  diferentzia eta originaltasuna eskaintzen dute. Bestalde, soinean daramatzagun look gris eta aspergarrien pizgarria izan daitezke, eta saltoki handi eta marka ospetsuenetatik urruntzeko bide aproposa ere bada. Halaber, zaila izaten da poltsikoa zulatu gabe moda azkarraren merkatuari ihes egitea. Gehiegizko gastu horren aurrean, alternatiba bat izan daiteke vintage janzkera: diseinu onak eta iraunkorrak izan daitezke, prezio onean ala doan. 

Dendan ez ezik, ganbaran ere

Vintage jantziek badute erakartzen duen zer berezi bat. Jantzi bakoitzak bere istorio propioa dauka; parekorik ez du. Neurri batean, jantziak berak aukeratzen zaitu zu. Moda arruntarekin gertatzen ez den bezala, vintagean ez dago tailajerik, eta halako jantzi bat zuretzat izan ahal izateko ez da nahikoa gustukoa izatearekin: zure gorputzarekin bat egin behar du. 

Dendak ez ezik, aitona-amonen ganbara ere toki ezin-hobea izaten da halako altxorrak topatzeko. Eta, denbora-pasa ezberdin baten bila bagabiltza, ordea... Zer hobe, arkakuso-azoka batera joatea baino? Halakoetan, vintage etiketatik harago, mota guztietako bigarren eskuko objektu eta arropak ikus ditzakegu, eta noizbehinka antigoaleko harribitxiren bat ere. Bilatzen jakin behar da, noski; baita tratua egiten ere! 

Vintageak kalitatezko arropa eta diseinu ausartei bigarren bizitzaldi bat emateko aukera eskaintzen digu. Jasangarritasunaren ikuspuntutik, jada existitzen den jantzia baino jasangarriagorik ez dago. Eta jantzi polit, original eta ona baldin bada, jasangarria izateaz gain iraunkorra ere izango da.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago