Txiki txikitatik izan dut gustuko jantzi artean ibiltzea. Gurasoek "Diseña tu moda" oparitu zidaten eguna ez dut sekula ahaztuko. Orduak ematen nituen arkatz eta margo artean, arropak marrazten, modak liluratuta. Gaur egun ere, moda maite dut, baina ez nolanahikoa.
Zer da ba, moda? Zer ezberdintasun dago moda eta jantzien artean? Zer funtzio betetzen du modak gure bizimoduan? Ingurugiroaz babesteaz gain, beste zerbaitez babesten al gaitu? Itxurakeria hutsa al da?
Modak baditu milaka aurpegi, eta eskasak horietako asko. Gaur egungo moda industriak kontsumismoa, globalizazioa eta sexismoa ditu oinarri. Emakumeentzako aldizkarietan ez ezik, telebistan, sare sozialetan, eta autobus geltokietako markesinetan etengabean saltzen diguten modaz ari naiz. Halabeharrez irentsarazten dizkigute gustu, tendentzia eta arauak. Egungo industriak ez du apenas lekurik uzten nork bere janzkera modu aske batean garatzeko. Ez da erreza fast fashionaren eta bere aginduen zurrunbilotik ihes egitea. Baina, salatzeko ez bada behintzat, tarte hau ez diogu moda azkarrari eskainiko. Ezta pentsatu ere!
Moda, sormena eta espresioa ere badelako. Kolorea, ehundura eta forma uztartzen dituen kreazioa. Gure gorputza atontzeko modu bitxi eta dibertigarria. Identitatea adierazteko, edo mozorrotzeko, balio duena.
Badira ehunka bide nagusia den moda ereduari ihes egiten diotenak. Eta guzti hauen txokoa izan nahi du honek. Moda jasangarria, bigarren eskuko arropa eta vintagea, jantzi etnikoak eta Do It Yourselfa, artisautza eta teknologia berrien inguruan arituko gara bertan.
Marka multinazionalen praktikak salatu eta beste eredu batzuk eraikitzen hasi dira asko eta asko. Moda jasangarria eta originala landu eta goraipatzen duten ekimenen gorakada nabaria da. Gure inguruan, moda birziklatzearen apustua egin dutenak asko dira, baita material organikoak soilik erabiltzen dituztenak ere.
Merke-zurreko moda industriatik haratago, bada baliozko jantzientzako lekua. Eta balioa ez da salneurriaren bitartez soilik neurtzen, baizik eta material, diseinu, jatorri, prozesu eta iraunkortasunaren bidez. Soinean daramagunak, gure burua apaintzeko ez ezik, jolasteko, goxo goxo egoteko eta ondo sentiarazteko balio baitu.