Bizi garen egoera zail honetan, Lautadako entitate guztiei lagundu nahi diegu -establezimenduak, lantegiak eta kolektiboak-, hiztunen ongizate eta eskubideak bermatzeko.
Koronabirusak sortutako salbuespen egoera honetan ohartzen ari gara Lautadako entitate batzuek beren bezero, langile edo kideei zuzendutako ohar eta jarraibideak erdaraz bakarrik komunikatzen dizkietela publikoki.
Oharrak, mezuak eta komunikazioak euskarara itzultzeko lana egin nahi diegu. Euskarara itzultzeko komunikazio horiek testu batean bidali ahal dizkizuegu emailez (lautadan.euskaraz@gmail.com) edo whatapp bidez (605 29 09 51).
Egoera honen aurrean, Lautadako Euskararen Komunitateak adierazi nahi du hiztunen ongizatea eta hiztunen eskubideak bermatzea entitate guztiek duten erantzukizuna dela.
Ildo beretik, Europako Kontseiluko Adituen Batzordeak, ohar baten bidez adierazi du koronabirusaren inguruko informazio eta jarraibideak Estatuko hizkuntza ofiziala ez den beste hizkuntzetan komunikatzea oso garrantzitsua dela, eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetako hiztunen ongizaterako. Batzordeak ohartarazi du herrialdeek ez dituztela gomendio horiek sistematikoki partekatu behar den hizkuntzetan.
Honen harira, Paul Bilbao Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko idazkari nagusiak adierazi du horrelako egoeretan oinarrizkoa dela hiztunen eskubideak bermatzea. Eta gurean ere ohartzen ari gara hainbat administraziotatik euskaldunon eskubideei muzin egiten ari zaiela.