Euskaraldiaren bigarren edizioaren arigune kontzeptua aurkeztu dute

2020ko udazkenean egingo den Euskaraldia ariketa sozialak izango dituen ezaugarriak eta antolaketarako xehetasunak aurkeztu dituzte.

Ekainaren 1ean Euskaraldiaren bigarren edizioa aurkezteko lehen mintegian egon ginen eta Lautadan aurrera eramaten ari garen pilotajearen berri eman genuen. 

Euskaraldiaren lehen edizioan Euskal Herri osoko milaka lagunek parte hartu zuten ahobizi eta belarriprest roletan, hizkuntza ohiturak aldatu eta beraien inguruko harremanetan euskararen erabilera handitzeko helburuarekin. Eta helburu berarekin ekin zaio bigarren edizioari ere. Baina entitate pribatuek eta publikoek aurreko edizioan baino protagonismo handiagoa izango dute oraingo honetan. Erraztasunak eman beharko dizkiote belarriprest eta ahobizi direnei.

2018ko Euskaraldian bezala, herritarrok ahobizi edo belarriprest izaten jarraituko dugu, ahal dugun etxekoekin, ezagunekin, kuadrillakoekin, ikaskideekin, ahal dugun lankideekin eta sor daitezkeen arigune berrietako kide guztiekin. Hori da edizio berriaren berrikuntza: arigunea.

Zer da arigunea?

Elkarte, lantegi, denda, ikastetxe edo instituzio bateko funtzionamenduan dagoeneko eratuta dagoen taldea edo espazioa da eta hizkuntza-praktikak euskarara aldatzea edo finkatzea du helburu. Arigunea entitateak sustatzen du ariguneko kideen adostasunarekin, erabaki kolektiboa hartuta.

Ariguneetan belarriprest eta ahobizi izatea askoz errazagoa da, kide guztiek euskaraz ulertzen dutelako edo herritarrei aukera ematen zaielako euskaraz egin ahal izateko.

Arabako batzordeen kideei edizio berriaren xehetasunak emango zaizkie Araba mailan antolatutako mintegian, ekainaren 19an, Gasteizko Oihaneder euskararen etxean.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago