2019-2020ko Euskaraldia entitateetan eragiteko edizioa izango da. Entitateek neurriak hartu ahal izango dituzte Ahobizi eta Belarriprest diren kide/langileei erraztasunak emateko, eta baita entitateko hizkuntza arauak erdaratik euskarara aldatu ahal izateko ere. Horrela aurkeztu zen proposamen berria larunbatean Donostian antolatutako mintegian.
Helburu hori betetzeko entitateek jarraitu beharreko prozesua aldez aurretik probatu behar dugu aukeratutako hainbat entitatetan, pilotaje lana egin dezatela proposatuko diegu Lautadako entitate batzuei.
Pilotajearen helburua da 2019-2020 edizioan Euskal Herriko entitateek jarraitu beharko duten prozesua aldez aurretik probatzea. Entitateak aktibatzeko eta parte-hartzaile izateko erabiliko ditugun tresnak aldez aurretik aztertu eta frogatuko ditugu Lautadan. Entitateak berak parte hartzeko asmoa agertzen duenetik ariketa egin bitartean egin beharreko urratsen eta behar dituen baliabideen azterketa egingo dugu. Pilotajean zuzendu beharrekoak egin ondoren, Euskal Herriko entitateei ziurtasunez eskainiko zaie. Pilotajean, helburua ez da, beraz, entitate horietan dauden kideen rolak aztertzea, baizik eta entitateetan jarraitu beharreko prozesua aztertzea.
Lan hau aurrera eramateko, pilotajeen koordinazioa ondorengo eragileek osatuko dute, bakoitzak bere eremuan eta adosten denaren arabera: Euskaltzaleen Topagunea, Eusko Jaurlaritza, Aldundiak, Donostiako eta Lautadako batzordeko ordezkariak, Bizkaiko entitateko ordezkariak.
Tamainaz, izaeraz eta eginkizun ezberdinetako 16 entitate aukeratu ditugu: taberna bat, bi udal, fisioterapia zentro bat, baso lanak eta irudi zerbitzuak egiten dituzte bi kooperatiba, fotokopisteria bat, futbol klub bat, txaranga bat, lantegi bat, bi sindikatuen bulegoak, konsumitzaileen elkarte bat eta bere establezimendua eta erresidentzia geriatriko bat.
Pilotajeko Lautadako 16 entitatetara jo aurretik, maiatzaren 8an, Lautadako Koordinazio Taldeak eta entitateetan bisitak egingo dituztenek Topaguneko arduradunekin egindako formazio saioan azken zehaztasunak landu ziren: esku-orria eta infografia, entitatearen ulermen mapa, argudiotegia…
2018an ondo ikasi genuen hizkuntza ohiturak aldatzea ez dela kontu indibiduala, nahitanahiez besteen hizkuntza jokaeren menpe gaudela, hizkuntza ohiturak aldatzea kontu kolektiboa dela. Beraz, alda ditzagun taldeetan dauden hizkuntza arauak. 2019-2020an lantegietara, elkarteetara, establezimenduetara, erakunde publikoetara… joango gara. Identifika ditzagun zein taldetan dauden gutxieneko baldintzak hizkuntza ohiturak aldatzeko, zein taldetan ulertzen duten kide guztiek euskaraz. Horixe da gutxieneko baldintza hizkuntza ohiturak aldatu ahal izateko: arigunea. Proposa dezagun erdaratik euskarara hizkuntza aldatzea. Kide guztiek euskaraz ulertzen ez badute, neurriak hartu ahal izango dituzte, hurrengo edizioetan ariguneak eduki ahal izateko.
2019-2020ko edizioa oso emankorra izan daiteke. Edizio honetan probatuko dugu norbanakoaren eragina taldean baino eraginkorragoa dela taldearen eragina norbanakoarengan.
Ilusioz beteta gaude, bagoaz!