Lautadako Euskararen Komunitatea, Olbea elkartearen bitartez, 2019rako hitzarmenak sinatzen hasi da Lautadako zortzi udalekin.
2018an bezala, hizkuntza ohiturak aldatzea helburu, 2019an ere elkarlanean arituko gara Lautadako Euskararen Komunitatea eta Lautadako zortzi udalak eta Kuadrilla. Lautadako instituzioek diruz lagunduko dute Lautadako Euskararen Komunitateak aurkeztutako aurrekontuaren erdia; horretarako instituzioek ezohiko ekarpen ekonomiko bat egingo dute, hau da, orain arteko euskararentzako udal aurrekontua handituz. Lautadako Euskararen Komunitateak aurrekontuaren beste erdia lortzeko ahalegina egingo du autofinantzazio bideak jorratuz.
Euskaraldiak bi urterako zikloa izango du aurrerantzean. Hizkuntza ohiturak aldatu eta euskararen erabilera handitzea xede du Euskaraldiak. 2020ko udazkenean egingo da bigarren ariketa soziala eta bi ardatz izango ditu: herritarren arteko hizkuntza ohituretan eragitea (2018ko edizioa bezala) eta entitateen funtzionamenduan euskararen erabilera babesteko neurriak bultzatzea.
Horretarako, 2019 urtean bertan, entitateei begira, hasiko dira herrietako batzordeak lanean. Erakunde publiko, enpresa, komertzio, elkarte eta gizarte eragileak izango dira bigarren ardatz honetan konpromiso zehatzak hartu eta gauzatuko dituzten entitateak. Entitate mota guztiei erabilera eta praktikak babesteko neurri zehatzak hartzeko eskaria egingo zaie. Neurri hauek gauzatzeak eskatuko duen aurre-lana aintzat hartuta, 2019 urtean bertan hasiko dira entitateak zailtasunak gainditzeko baliabideak ipintzen.
Lautadan 659 entitate zerrendatu ditugu, 500 entitate interpelatuko ditugu emailez mezu bat bidalita, gutunaz idatzi bat bidalita eta kaleko euskarriekin. Beste 150 entitatetara bisiten bitartez hurbilduko gara. Proposatuko zaie Euskaraldiaz arduratzea beren ekintza esparruan, Ahobizi-Belarriprest metodologia inplementatzea bere entitatean. Entitate hauek egoera soziolinguistiko ezberdinetatik abiatuko dira, eta horren arabera aukera ezberdinak izango dituzte neurriak hartzeko.
Informazio gehiago: https://lautada.euskaraldia.eus/