Azaroaren 23tik abenduaren 3ra arte Euskaraldia ariketa soziala egingo dugu Arabako Lautadako herrietan eta Euskal Herri osoan. Ez da euskararen aldeko ekimen bat, euskaraz egiteko ariketa bat da. Txapak erabiliko ditugu baina ez bakarrik identifikatzeko euskaraz ulertzen dudan edo hitz egiten dudan; gizartearekin kontratu bat egin dugula adierazi dugu, konpromiso bat hartu dugula hizkuntza portaera berriak plazaratzeko. Beraz, 11 egun horietan egitea da kontua.
11 egun horietan modu ezberdin batean konportatzeko prest egon behar dugu. Belarriprest izango direnek euskaraz hitz egiten dutenei etengabe eskatuko diete haiei euskaraz egiteko, nahiz eta erdaraz erantzun. Ahobizi izango direnek euskaraz arituko dira ulertzen duten guztiekin, solaskideak erdaraz erantzun arren. Tartean elkarrizketa elebidunak sortuko dira. Zer da hori? Nola jokatu behar dut? Guzti hau berria da. Ahobizi eta Belarripresten arauak erraz ulertzen dira baina erabakia guztiz kontzientea hartu behar da. Rol batean izena ematea eta bere arauak ez betetzeak espektatiba faltsuak sortuko lizkioke besteei, norbera ere deseroso sentitzea… Inkontzientzian ditugun ohiturak aldatzera goaz, eta horretarako portaera berriak kontzientziara eraman behar ditugu.
Erabaki kontzientea hartzeko 60 minutuko tailer batera etortzea gomendatu nahi dizuegu. Lautadako 12 herritan antolatu ditugu. Tailer batean hauxe egingo dugu:
-Belarriprest edo Ahobizi izateko arauak azalduko ditugu.
-Norberak bere eguneroko harremanen mapa egingo du, aztertzeko eta erabakitzeko zein den rolik egokiena bakoitzarentzat.
-11 egun horiek iritsi aurretik zer egin dezakegun norberaren espazio linguistikoa prestatzeko praktikan ipiniko dugu.
-11 egun horietan, rol bakoitzaren gomendioak emango ditugu.
Tailerrean bertan izena emateko aukera egongo da. Momentuz, ez dago beste modurik izena emateko, tailer batera etorri behar da. Norberaren datuekin fitxa bete eta antolakuntzari eman bertan.
Antolakuntzak prebisioak egin ahal izateko, tailer batera etortzeko izena eman behar duzu.
Etortzeko asmoa baduzu link honetan zure datu batzuk sartu, aukeratu herria eta eman BIDALI: