2016an Agurainen antolatutako 75 Ordu Euskaraz aktibazio ekimenean bakoitzak bizitutakoa izan da abiapuntua, zailtasunak identifikatzeko, hausnarketa egiteko eta horrela bakoitzak bigarren pausu bat eman ahal izateko. Agurainen geratu zen euskarari eusteko inertzia eta onarpen soziala baliatu ahal dugu urrunago iristeko.
11 EGUN EUSKARAZ-ek ez-ohiko egoerak sortuko ditu gure eguneroko harremanetan, tarteka ohituta ez gaudenak eta deserosoak izan daitezkeenak (elkarrizketa elebidunak, beti erdaraz ezagututako gertuko lagunarekin edo lankidearekin euskaraz egin nahi izatea, eta abar). Horregatik, azaroaren 23a baino lehen egoera horietan eroso sentitzeko eta nola jokatu behar dugun jakiteko teknikak eta baliabideak ikastea komeni zaigu.
EMUNeko Juanjo Perezen eskutik, euskarari eusteko teknikak ikasi ditugu. 2016an bizitutakoa baloratu eta baliatzen ikasi dugu. Elebitasunak ez du erabilera ekarriko gure hizkuntza ohiturak aldatzen ez baditugu. Ohiturak aldatzea posiblea da, ingurukoekin dira zailena aldatzeko baina etengabeko praktikarekin, bestea kontutan hartuz, helburu erabilgarriak ipiniz eta malgutasunez jokatuz aldaketa posible da. Norberak egin beharreko aldaketa horiek abagune kolektibo batean eginez gero aukera gehiago daude ohiturak aldatzeko; Euskaraldiak aukera hori emango digu.
Agurain martxan dago, eta Araian eta Dulantzin antolatutako beste bi ikastaroekin Lautadako herri handietan eragiteko prest gaude.
Hemendik aurrera herritarrak prestatzeko 60 minutuko tailerrekin hasiko gara; kontzienteki aukeratzeko 11 egun horietan nola konportatu behar garen.
60 minutuko 14 tailer eskainiko ditugu hurrengo 4 astetan. Ahobizi eta Belarriprest gisa izena emateko aukera egongo da tailer hauetan bertan. Hau da modu bakarra rol batean edo bestean izena emateko, tailer batera etorri behar da.
Tailer batera etortzera animatzen zaituztegu, kontzienteki erabakitzeko, arauak ondo ezagutzeko, gomendioak ikasteko, erosoago sentitzeko eta kolektibitatean izena emateko; bloke eta tribu izan nahi dugu. Lautadako lehenengo Ahobizi eta Belarriprestek Agurainen eta Ozaetan antolatutako tailerretan eman dute izena.
Izena emateko link honetan agertzen dira datak, ordutegiak eta herriak.
https://docs.google.com/forms/d/e/1FAIpQLSeuKodAFyszWISch-3XyKJaylOXFG-t0oDMc-r-ectldEz0EA/viewform?usp=sf_link