Ahobizi eta Belarriprest izateak zein portaera berri ekartzen duen azaltzeko tailerra burutu genuen. Izan ere, garrantzitsua da izena eman aurretik ondo bereiztea rol batek eta besteak dituen berezitasunak eta arauak. Azaroaren 23tik abenduaren 3ra modu ezberdin batera konportatzera goaz, portaera zaharrez eta berriez kontziente izan behar gara.
Izena eman ahal izateko 16 urte baino gehiago eduki behar da. Belarriprest izan nahi duenak euskaraz ulertzeko gaitasuna eduki behar du, hau da, elkarrizketa arrunt batean ulertzeko gai izan behar da. Ahobizi izan nahi duenak hitz egiteko gaitasuna izan behar du. Baina adina eta gaitasuna ez dira baldintza mugatzaile bakarrak. 11 egun horietan hizkuntza portaera berriak plazaratzeko borondateak edo konpromisoak baldintzatzen du Ahobizi edo Belarriprest izatea; hor dago koxka, hizkuntza portaera berriak plazaratzeko borondatea.
Garrantzitsua da norbera leiala izatea hartuko duen rolarekin, besteei espektatiba faltsuak ez sortzeko eta norberak gozatzeko 11 egun horietan.
Tailerrak ere balio izan zuen herriko batzuen artean elkar ezagutzeko, eta euskaraz ezagutzeko.
Izena eman zuenari txapa txiki bat eman genion: “Ahobizi izango naiz. Eta zu?” dioen txapa, edo “Belarriprest izango naiz. Eta zu?“. Azaroaren 22ra arte jantzita eramatea proposatzen dugu, aitzakia bezala, eguneroko bizitzan rol berria sozializatzeko helburuarekin.
Hau ez da izena emateko tailer bakarra izango, Lautadan zehar 12 tailer eskaintzen ditugu uztailaren erdia aurretik, herritarrek izena eman ahal izateko.
Link honetan 12 tailer horiek ikusiko dituzu eta izena eman ahal duzu:
https://docs.google.com/forms/d/e/1FAIpQLSeuKodAFyszWISch-3XyKJaylOXFG-t0oDMc-r-ectldEz0EA/viewform?usp=sf_link
Izena eman nahi baduzu tailer batera etorri behar duzu. Garrantzitsua da!