Aurretik, eta izena eman nahi duenarentzat tailer batera etortzea baldintza bezala, Ahobizi eta Belarriprest izateak zer suposatzen duen tailerra antolatu genuen. Izan ere, garrantzitsua da izena eman aurretik ondo bereiztea rol batek eta besteak dituen berezitasunak eta arauak. Azaroaren 23tik abenduaren 3ra modu ezberdin batera konportatzera goaz, portaera zaharrez eta berriez kontzienteak izan behar gara.
Izena eman ahal izateko 16 urte baino gehiago eduki behar da. Belarriprest izan nahi duenak euskaraz ulertzeko gaitasuna eduki behar du, hau da, elkarrizketa arrunt batean ulertzeko gai izan behar da. Ahobizi izan nahi duenak hitz egiteko gaitasuna izan behar du. Baina adina eta gaitasuna ez dira baldintza mugatzaile bakarrak. 11 egun horietan hizkuntza portaera berriak plazaratzeko borondateak edo konpromisoak baldintzatzen du Ahobizi edo Belarriprest izatea; hor dago koxka, hizkuntza portaera berriak plazaratzeko borondatea.
Garrantzitsua da norbera leiala izatea hartuko duen rolarekin, besteei espektatiba faltsuak ez sortzeko eta norberak gozatzeko 11 egun horietan.
Tailerrak ere balio izan zuen herriko batzuen artean elkar ezagutzeko, eta euskaraz ezagutzeko. Agurtzerakoan hau ere entzun genuen: “Aizu, hemendik aurrera gure artean euskaraz egingo dugu”.
Izena eman zuenari txapa txiki bat eman genion: “Ahobizi izango naiz. Eta zu?” dioen txapa, edo “Belarriprest izango naiz. Eta zu?“. Azaroaren 22ra arte jantzita eramatea proposatzen dugu, aitzakia bezala, eguneroko bizitzan rol berria sozializatzeko helburuarekin.
Hau ez da izena emateko tailer bakarra izango, Lautadan zehar 12 tailer lotzen ari gara uztailaren erdia aurretik herritarrek izena eman ahal izateko. Erne, izena emateko hurrengo tailerrak agendan argitaratuko ditugu.
Izena eman nahi baduzu tailer batera etorri behar duzu. Garrantzitsua da!
https://lautada.euskaraldia.eus/lautadako-lehenengo-izen-emate-tailerra-ahobizi-edo-belarriprest-gisa/