Euskaraldia 11 Egun Euskaraz ariketa soziala da, egitea du helburu. Gure hizkuntza portaerak erdaratik euskarara aldatzera goaz: Ahobiziek euskarari eutsi beharko diote ezohizko egoeretan (elkarrizketa elebidunak) eta Belarriprestek adierazi behar dute prest daudela euskaraz ulertzeko edozein egoeratan, aukera emanez euskaraz hitz egin nahi dutenei. Txapekin identifikatzeak asko erraztuko digu.
Herritarrei beren hizkuntza portaerak aldatzeko bi ekintza egitea proposatuko zaie: lehenengo, izena eman beharko dute azaroaren 23a baino lehen, eta, bigarrena, Ahobizi-Belarriprest rolek daramatzaten hizkuntza portaerak plazaratu beharko dituzte 11 egunetan zehar. Hortxe lanerako eta ekimena diseinatzeko bi ipar-orratz.
Alde batetik, zalduondotarrek izena emateko oinarrizko ekintzak zehaztu ditugu. Helburua izen emate arrakastatsu bat lortzea da, euskarari eusteko portaera linguistikoari zilegitasuna emateko. Zalduondon, ezagunei aurrez aurre azaltzea funtsezkoa izango da, herritarrek hurbiltasuna sentitzeko eta honen parte direla jakiteko. Era berean, Lautadako antolakuntzarekin koordinatuta izena emateko esku orria buzoneatuko da, posterrak herriko gunetan jarriko dira, emailing bidalketak egingo dira, eskualdeko web gunea eta sare sozialak baliatuz.
Bestetik, Ahobizi eta Belarriprest rolek daramatzaten hizkuntz portaera berriak kontzienteki plazaratzeko nola prestatu argitu genuen. 11 egunak iritsi baino lehen herritarrek jokaera berriak barneratzeko prestakuntza garrantzi handikoa da. Lautadako antolakuntzatik eskainiko diren hainbat bitarteko baliatuko da Zalduondo herrian: bideo tutorialak, buletinak… Ahalduntzeko eta aktibatzeko 4 orduko ikastaroak Agurainen edo Araian eskainiko dira, eta, 1,5 orduko tailerrak Zalduondon bertan antolatzea aurrerago zehaztuko da.
Zalduondoko Udalak, Lautadako beste 7 udalekin batera, 11 Egun Euskaraz finantzatzeko ezohizko ekarpen ekonomiko bat egin du, orain arteko euskararentzako udal aurrekontua handituz. Euskaraldia elkarlanean antolatzen ari gara.
Hemendik aurrera Zalduondon, Lautada eskualderekin batera, 3 prozesu ipiniko dira martxan: izen-emate kanpaina, herritarrak prestatzekoa eta metodologiaren sustatzaileak lortzekoa.
Zalduondo martxan dago!
https://lautada.euskaraldia.eus/zalduondon-marisoro/