Herritarrei beren hizkuntza portaerak aldatzeko bi ekintza egitea proposatuko zaie: lehenengo, izena eman beharko dute azaroaren 23a baino lehen, eta, bigarrena, Ahobizi-Belarriprest rolek daramatzaten hizkuntza portaerak plazaratu beharko dituzte 11 egunetan zehar. Hortxe lanerako eta ekimena diseinatzeko bi ipar-orratz.
Iruraiz-Gauna udalerrian 11 herri daude: Alaitza, Arrieta, Azilu, Erentxun, Ezkerekotxa, Gauna, Gazeo, Gereñu, Jauregi, Langarika eta Trokoniz. Atzo, 7 herri ezberdinetako ordezkariekin eta udalaren ordezkariarekin bilera egin genuen, Ahobizi-Belarriprest metodologia herri horietan nola sustatuko den zehazteko.
Alde batetik, herritarrek izena emateko oinarrizko ekintzak zehaztu genituen. Helburua izen emate arrakastatsu bat lortzea da, euskarari eusteko portaera linguistikoari zilegitasuna emateko. Herri bakoitzean, ezagunei aurrez aurre azaltzea funtsezkoa izango da, herritarrek hurbiltasuna sentitzeko eta honen parte direla jakiteko. Era berean, Lautadako antolakuntzarekin koordinatuta izena emateko esku orria buzoneatuko da, posterrak herriko gunetan jarriko dira, emailing bidalketak egingo dira, eskualdeko web gunea eta sare sozialak baliatuz.
Bestetik, Ahobizi eta Belarriprest rolek daramatzaten hizkuntz portaera berriak kontzienteki plazaratzeko nola prestatu argitu genuen. 11 egunak iritsi baino lehen herritarrek jokaera berriak barneratzeko prestakuntza garrantzi handikoa da. Lautadako antolakuntzatik eskainiko diren hainbat bitarteko baliatuko dira Iruraiz-Gaunako herrietan: bideo tutorialak, buletinak… Ahalduntzeko eta aktibatzeko 4 orduko ikastaroak, eta, 1,5 orduko tailerrak Iruraiz-Gaunan bertan antolatzea aurrerago zehaztuko da.
Iruraiz-Gaunako Udalak, Lautadako beste 7 udalekin batera, 11 Egun Euskaraz finantzatzeko ezohizko ekarpen ekonomiko bat egin du, orain arteko euskararentzako udal aurrekontua handituz. Era berean, udalerriko 8 herritako Batzar Administratibo metodologiaren sustatzaile dira dagoeneko, falta diren kontzejuetan hurrengo astetan aurkeztuko da. Euskaraldia elkarlanean antolatzen ari gara.
Hemendik aurrera Iruraiz-Gaunan, Lautada eskualderekin batera, 3 prozesu ipiniko dira martxan: izen-emate kanpaina, herritarrak prestatzekoa eta metodologiaren sustatzaileak lortzekoa.
Iruraiz-Gaunako herriak martxan daude!
https://lautada.euskaraldia.eus/iruraiz-gaunako-eragileekin-bilera/