Ekitaldia Aguraingo Ainhoa Arbaiza Alvarezek bideratu du. Informazio orokorra ematearekin batera Lautadako lehenengo 11 belarriprest eta ahobiziak aurkeztu ditu. Hauek banan banan azaldu dute zergatik diren belarriprest edo ahobizi. Hona hemen nortzuk osatzen duten Lautadako hamaikakoa eta bakoitzak esandakoa:
-Dulantziko Aiala Ruiz de Egino Agirre: “Belarriprest izango naiz. Nire ohiturak aldatzeko erronka hartu nahi dut eta momentu honetatik aurrera euskarak nire bizitzan presentzia handiagoa izatea nahi dut.”
-Dulantziko Patri Alvarez Lavín: “Belarriprest izango naiz. Orain umeak ditudanez euskara gehiago erabili nahi dut.”
-Barrundiako Iñaki Ruiz de Egino Ruiz de Azua: “Belarriprest izango naiz. Denon eskuetan dago Euskara gehiago erabiltzea eta bisualizatzea, eta asmoa daukat nire eguneroko bizitzan euskaraz bizitzeko, bereziki lanean, landa eremuan lan egiten dudalako.”
-Zalduondoko Aitana Iradier Martinez de Albeniz: “Ahobizi izango naiz. Gu, gazteok, gaizki ohituta gaudela uste dut eta erronka bat bezala hartu nahi dut.”
-Donemiliagako Joxemari Otxoa Diaz de Monasterioguren: “Belarriprest izango naiz. Orain euskara ikasten ari naiz eta ez dakit ondo hitz egiten baina nik euskaraz bizi nahi dut.”
-Burgeluko Alvaro Ruiz de Gordoa Musitu: “Ahobizi izango naiz. Irakaskuntza lanetik jubilatzean nabarmenki murriztu zen euskaraz bizitzeko nere esparrua. Konpromiso hau hartzean bilatzen dudana da nere ingurune hurbilean, etxean eta udalerrian euskaraz bizitzea.”
-Iruraiz-Gaunako Ion Saez de Urabain Garay: “Belarriprest izango naiz. Euskara maite dut eta euskaraz bizi nahi dut.”
-Asparreneko Nerea Ormazabal Gastañares: “Ahobizi izango naiz. Euskara gehiago erabili nahi dut”
-Asparreneko Cheima Balaas El Outmani: “Ahobizi izango naiz. Erdarara pasatzeko joera handia daukat, amorru ematen dit, baina behin eta berriro gertatzen zait eta joera hori aldatu nahi dut.”
-Aguraingo Guadalupe Bejarano Perez: “Belarriprest izango naiz. Euskara erabiltzera ausartzen ez denari aukera eman nahi diot, niri eman zidaten bezala”
-Zalduondoko Jon Ruiz de Pinedo Lekuona: “Ahobizi izango naiz. Hizkuntz ohiturak aldatzea ez da erreza, horrelako ekimenekin errazagoa izango da”
Euskal Herriko hamaikakoaren partaidea den Gasteizko Zuriñe Gil Usabiagak ezin hobeto azaldu du zein garrantzitsua den bakoitzak bere ingurua prestatzea. “Bakoitzak, bere inguruan, beste 11 ahobizi eta belarriprest bilatzen baditu hau sare handi bat izango da, oso handia” adierazi du.
Hamaikakoa, hamaika laguneko taldea da. Modu pertsonalean eta borondatez Euskaraldia: 11 egun euskaraz ekimenean parte hartzea erabaki dutenak belarriprest eta ahobizi rolen bitartez. Hamaikakoa osatzen duten kideek euskararen aktibazioa sustatzeko urratsa ematea erabaki dute. Ekimenaren enbaxadore izango dira, eta herritarren izen ematea aktibatzeko lehen deia egin dute. Ekimenaren berri emango diete inguruko kideei gainera. Izan ere, ekimenean parte hartu nahi duten pertsonek ere ahobizi eta belarriprest rolen bitartez euren hamaikako propioak osatzea gomendatzen da. Hauxe da, euskarazko harremanak izateko eta inertziak astintzeko Euskaraldiak proposatzen duen formula.
Gaurtik aurrera, Lautadan, 3 prozesu ipiniko dira martxan: izen-emate kanpaina, herritarrak prestatzekoa eta metodologiaren sustatzaileak lortzekoa.
Hurrengo aste eta hilabeteetan hamaikako gehiago aurkeztuko dira Lautadan. Euskaraldiaren talde eragileak lanean hasita daude eta herriko euskaldunen artean zabaltzen ari dira aurtengo udazkenean egingo den ariketaren berri.
https://lautada.euskaraldia.eus/lautadako-hamaikakoa/