Lautadako lehenengo 11 belarriprest eta ahobiziak aurkeztuko dira ostegunean

Lautadan ahobizi edo belarriprest izateko bere burua aurkeztu duten lehen hamaika lagun hauek laster zabalduko den izen-emate kanpainaren abiapuntua dira.

Ostegun honetan, arratsaldeko 19:30ean, Dulantziko plazan, Lautadako Euskararen Komunitateak Lautadako 8 udalek eta Lautadako Kuadrillak Lautadan Euskaraldia 11 Egun Euskaraz ekimenaren lehenengo ahobizi eta belarriprestak aurkeztuko dituzte.

Komunikabideen aurreko ekitaldi honetan Lautadan izena eman duten lehenengo 11 lagun aurkeztuko dira. Modu pertsonalean, ahobizi edo belarriprest gisa izena eman dute, eta Lautadako lehenengo ahobizi edo belarriprestak izango dira. Beraz, bi figura horiek daramatzaten hizkuntza portaerak plazaratuko dituzte azaroaren 23tik abenduaren 3ra arte. Lautadako hamaika lagun hauek ekimenaren enbaxadoreak izango dira Lautada eskualdean.

Egun honetatik aurrera, Lautadan 3 prozesu martxan ipiniko dira: izen-emate kanpaina, herritarrak prestatzea eta metodologiaren sustatzaileak lortzea.

Lautadako Hamaikakoa aurkeztu ondoren, jarraian eta plazan bertan, Dulantziko Hamaikakoa aurkeztuko da.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago