Agurain berriro martxan dago, batzordea hiru azpi taldetan antolatuta

Agurainen 11 Egun Euskaraz ariketa soziala gauzatzeko osatutako Batzordean 3 azpi talde bereiztuko dira. Izena ematea sustatuko duen taldea, herritarrak prestatzeaz arduratuko dena eta entitate sustatzaileak bilatuko duena. Agurain, berriro, martxan dago.

Euskaraz egingo bagenu euskaraz ulertzen duten guztiekin? Hori da 11 Egun Euskaraz ariketa sozialaren helburutariko bat. Euskara ulertzen duena Belarriprest bezala identifikatzea, ulertzen dutenei euskaraz egitea, nahiz eta erdaraz erantzun. Portaera berri honek ekarriko du gure hizkuntza ohiturak aldatzea. Horretara goaz.

Hizkuntza portaerak erdaratik euskarara aldatzeko bi urratsetan proposatuko da: herritarrok izena eman beharko dugu azaroaren 23a baino lehen, hau da, erabaki kontziente hartu beharko dugu eta Ahobizi / Belarriprest rollek daramatzaten hizkuntza portaerak plazaratu beharko ditugu 11 egunetan zehar. Hortxe lanerako eta ekimena diseinatzeko bi ipar-orratz.

2016an, Agurainen 75 Ordu Euskaraz autogestioan eta autofinantzazioan antolatu zen. Oraingo honetan, eragile sozialen eta instituzioaren elkarlanarekin abiatuko da. 2016ko ekimenak utzitako esperientziak eta elkarlanak abiapuntu ezin hobeagoan kokatzen dute 2018 ariketa sozial hau.

Aguraingo Batzordea 3 azpi taldetan antolatuta egongo da. Izen emate arrakastatsu bat lortzeko talde bat, herritarrak prestatzeko ardura duen beste talde bat eta, hirugarrena, entitate sustatzaileak bilatuko duena.  Apiriletik azarora arte lanean arituko diren 3 talde:

Herritarrek izena emateko ardura duen taldea: Helburua izen emate arrakastatsu bat lortzea da, euskarari eusteko portaera linguistikoari zilegitasuna emateko. Aurrez aurre azaltzea gako bat izango da, herritarrek hurbiltasuna sentitzeko eta honen parte direla jakiteko. Atzoko bileran erabaki zen hainbat ekintza burutzea Agurainen, beti helburu izanda herritarrei azaltzea zer den 11 Egun Euskaraz eta zer den Ahobizi / Belarriprest. Ondorengoak: mahai informatiboak ipiniko dira une ezberdinetan, izena emateko posterrak Aguraingo gunetan jartzea, Aguraingo Hamaikakoa osatzea eta publikoki aurkeztea, animazioak egoitza posible baten inguruan eta izena emateko esku orria buzoneatuko da.

Ahobizi eta Belarriprest jokaera linguistikoetan herritarrak prestatzeko taldea: 11 egunak iritsi baino lehen herritarrek jokaera berriak barneratzeko prestakuntza garrantzi handikoa da. Talde honen kideek tailerrak emango dituzte herritarrei azaltzeko zer den Ahobizi eta Belarriprest. Elkartetan, lantegietan, herriari irekita… multzo txikietan herritarrak prestatu hizkuntza portaera berriak eroso aurrera eramateko. Gidak eta bideo tutorialak ere baliatuko dituzte herritarrengana iristeko.

Sustzaileak lortzeko taldea: Herritarrak egunerokoan bizi diren ekintzetan edo eginbeharretan naturaltasunez eta eroso Ahobizi eta Belarriprest izan ahal izateko funtsezkoa izango da kolektibo, establezimendu, erakunde eta lantegiak metodologia honen sustatzaile izatea. Horretarako, azpi talde honek hainbat bisita aurreikusten du Aguraingo lantegi, kolektibo, establezimendu eta erakundeen artean. Entitate sustatzaile hauen inplikazioa hedatuko da era ezberdinetan eta herritarrei komunikatuko zaie non aurkituko dituzten euskaraz egiteko aukera berriak.

Talde hauek apirilaren hasieran lanari helduko diote, lan banaketetan eta ekintza posibleak zehaztuz.

Agurain, berriro, martxan dago!

https://lautada.euskaraldia.eus/agurain-diseinua/

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago