2016ko otsailean Aguraingo hainbat euskaldunek Agurainen 75 ordu euskaraz ekimena proposatzea erabaki genuen. Euskararen ezagutza eta erabileraren artean dagoen desorekak kezkatuta, bertako euskaldunak ahalduntzea eta aktibatzea zen gure helburu nagusia, hau da, norbanakoen hizkuntza portaeretan eragitea. Oso errotuta ditugun hainbat hizkuntza ohiturak kezka sortzen zigun. Izan ere, portaera oker horiek erabilerari eragiten diote egunerokoan.
Sei hilabeteko prozesuaren ondoren eta azaroaren 8,9,10 eta 11n 75 ordu horiek burutu eta gero, antolakuntzak balorazioa egin du. Urtarrilaren 12an azalpenak eman zizkien Aguraingo herritarrei eta txostena idatzi dugu (deskargatu txostena hemen).
Ekimenak ondorengo asmoa zuen: norbanakotik abiatuta ahalduntze eta aktibazio kolektibo bat. Euskaldun helduentzako proposamen bat (Agurainen 5000 biztanle bizi dira, %29 euskalduna da, 18 urtetik gorako 800 euskaldun inguru kalkula dezakegu). Euskal hiztun kontzientzia daukanarekin, azaroan, lau egunez, egunerokoan, Agurainen euskaraz bizi ahal izateko ekimen bat; ez jai bat, ezta ekimenez beteriko lau egun ere. Euskara beharrezkoa egin nahi genuen. Euskaldunei eskatuz euskara edonon eta edonorekin erabiltzeko, eta erdaldunei eskatuz ahalegina egin dezatela bestea ulertzeko eta ez eskatzeko erdara pasatzeko. Hurbiletik,ingurukoengandik hasita, era gozo eta atseginean, naturaltasun osoz, asertibitatea erabiliz, adostuta, gogoa piztuz, baina guk euskarari eutsita, askatasunez.
Bi kanpaina ipini genituen martxan. Biak hizkuntzen pedagogia egiteko helburu genuen. Hau da, hainbat euskarri erabilita, euskaldunei gomendioak eman nahi genizkien euskarari eusteko eta erdaldunei gomendatu nahi genien erdarara pasatzeko ez eskatzeko solaskideari. NIK75 kanpaina euskaldunak ahalduntzeko eta aktibatzeko kanpaina zen, 284 lagunek konpromisoa sinatu zuten 4 egunetan zehar euskara guztiekin erabiltzeko. Beste aldetik, GUK75 kanpaina: erdaldunek, kolektiboek eta establezimenduek erraztasunak eman ditzaten euskaldunei euskara askatasunez erabiltzeko, elkarrizketa elebidunak sustatuz. 134 kolektibok eta establezimenduk konpromiso hori hartu zuten.
Ekimena bukatu ondoren, antolakuntzak bi kanpainak baloratu nahi izan ditu. Galdeketa, testigantza eta elkarrizketen bitartez parte hartzaileen iritziak jaso ditu. Motzean, hona hemen NIK75 kanpaina balorazio nagusiak:
-dagoeneko euskaldun praktikante dena aktibatzea lortu du ekimen honek.
-Ekimenak kolektibo bat aktibatzeko balio izan duela ondoriozta dezakegu, neurri batean behintzat.
-Egitasmoak ahalbideratzen du hizkuntza mudantzak egitea.
-Erabilera errazteko prestatzen diren eremuetan euskarazko harreman berri gehiago ematen dira. Gure kasuan merkataritza eta ostolaritza landu genuen eta hor irabazi dira gehien euskarazko harremanak.
-Euskaldun aktiboek duten jokaera, lehenengo hitza euskaraz esatea, aktibotzat hartzen dugu, baina oinarrizko aktibazioa besterik ez da errealitatean. Oinarrizko aktibaziotik euskara beharrezkora egitera tarte handia dago oraindik.
-Egindako pedagogia linguistikoa oso baliogarria gertatu zaie parte hartzaileei.
-Erdaldun kopuru bat egokitu da, beraz, aurrera begira aukerak daude pausuak emateko.
-4 egun horietan praktikan ipinitako portaera berriei esker irabazitako harremanak euskaraz jarraitzeko asmoa dute %87k.
Hona hemen GUK75 kanpainaren balorazio nagusiak:
-Ez zaie batere zaila suertatu antolakuntzak proposatutakoa egitea. Elkarrizketa elebidunak sustatzea zen helburu, euskara hitz egiten ez dutenen merkatarien artean
-Euskararen erabileraren gaia haien kolektiboan mahai gainean ipintzeko eskatu izana eskertu dute.
-Lau egun horietan establezimenduetan jendeak gehiago eskatu du euskaraz.
-6 hilabetetan antolakuntzak emandako euskara erabiltzeko gomendioak baliagarriak izan dira.
-Euskara errazteko portaerekin jarraitzeko asmoa dute.
Eta burutu ondoren zein ondorio geratu da Agurainen? Motzean, hauexek:
1.- Hainbat aguraindar ahaldunduta eta aktibatuta geratu da ekimena pasa ondoren. Honek erabileran eragina dauka gaur egun ere.
2.- Euskara erabiltzeko eta erabili ahal izateko inertzia soziala utzi du: erraztasuna, askatasuna.
3.- Aguraingo euskalgintza aktibatu egin da. Eragiten jarraitzeko asmoa dauka.
4.- Agurainen erabileraren inplementazio aurrerakoiak martxan ipintzeko baldintza egokiak ditugu.
-Aguraingo euskaldun praktikanteen euskaraz bizitzeko nahia (284 sinatzaile) agerian utzi du ekimenak.
-Erdaldunen egokitzeko borondatea eta gaitasuna begi-bistan geratu da (134 erakunde, kolektibo eta establezimendu). Horrek adostasun soziala dagoela islatu du.