Bukatu da Agurainen 75 Ordu Euskaraz, baina hau hasi baino ez da egin

Hasi baino ez da egin. Argi eta garbi esan zuten antolakuntzakoek ekitaldi amaierako testua irakurtzean.

Maiatzean hasi eta orain arte 75 orduekin bueltaka; Nik75 batetik, Guk75 bestetik, Telp tailerra, Zergatik ez? Agurain Ahaldundu, Agurain prestatu… Pasa den asteartean iritsi eta pasa dira jada 75 ordu horiek. Eta nola pasa gainera!

Asteartean 17:30ak aldera lehertu zen txupina Aguraingo zeruan 75 orduei hasiera emanez. 280 aguraindarrek euskaraz bizitzeko nahia erakutsi eta egun horietan hala egingo zutenaren konpromisoa hartu zuten. Eta herriak halaxe egiteko baimena eman zuen. 132 komertzio, taberna, elkarte eta establezimenduk euskarari trabarik jarri gabe bezeroak artatuko zituztela zin egin zuten, nahiz eta kasu batzuetan beraiek hizkuntza ez jakin. Ostiralean, hilaren 11n, 20:00etan eman zioten amaiera ekimenari modu xume baina polit eta hunkigarrian.

Kanpainak kolore bat izan badu berdea izan da hori. Berdez jantzi dira lau egunotan Aguraingo kaleak eta berdez jantzi nahi izan zen ostiralean San Juan plaza ere. Lurrean marraztuta 75 handi bat, eta inguruan jende andana linterna bat eskuan zuela instrukzioen zain. Halako batean eliza ataritik globo berdeak atera ziren. Bakoitzari bana eman eta hauxe agindua: jar zaitezte 75aren barruan, osa dezagun 75 berde erraldoia!! Esan eta egin.

Tente-tente, zintzo-zintzo jarri ziren denak eta prest zeudela zera entzun zen bozgorailuetatik: piztu linternak, eman argia euskarari!! Eta hortxe osatu zen 75 berde argitsu ederra.

Baina hau ez zen amaiera izan. Nik75 konpromisoa hartu zuen bakoitzak badu bere barnean 75 berde argitsu eder hori. Asteartean gogotsu eta pozik atera ziren kalera aguraindarrak. Euskaraz okindegira, loradendara, tabernara, gasolindegira zein harategira. Eta pozik egin zituzten asteazken goizean erosketak, euskaraz inolako arazorik gabe egin zituztelako. Hori da sentsazio orokorra momentu honetan: poza, gogoa eta ilusioa. Bakoitzaren hausnarketaren garaia iritsi da. Erronka indibiduala, lau egun hauetan egin den bezalaxe geure buruari jarritako mugen gainetik pasa eta euskaraz bizitzearen aldeko erronka. 

Hasi baino ez da egin. Argi eta garbi esan zuten antolakuntzakoek ekitaldi amaierako testua irakurtzean: Behin betiko! Behin betiko! Sinple bezain tinko! Ez dugu etsiko! 75 orduz zein 365 egunez, EUSKARAZ TA KITTO!

Hemen dago bukaerako ekitaldian irakurritako testuaren audioa eta testua:

https://drive.google.com/open?id=0B6pxO8MwfoyweGd1S293dWZNcTQ


Plazara, euskara plazara.

Hizkuntza gabe esaidazue

Nola irtengo naizen plazara.

Zenbat gara? Lau, bat,

Hiru, bost, zazpi.

Ez, 283 gara. 283!!

Bagare, bagera,

Bagire, bagara.

75 orduak amaitu dira,

Baina hau hasiera baino ez da izan.

-----------------------------------------

Hasi etxetik eta kalera,

Hasi kaletik eta etxera.

Etxean, kalean, lanean, lagun artean,

Mendira joatean eta ohean sartzean.

Gau eta egun euskeraz bizi nahi dugu,

Euskaraz bizi goizean goizik,

Ez da amets bat, gure nahia baizik.

Eta nahia egi bihurtu da.

Olbean gora, Olbean behera,

Olbean gora ibili da euskara.

------------------------------------------

Aguraingo herria

Benedika dadila,

Azken egunotan eman bait dio

Behar duen thornüia.

Ez al dakizu euskara dela

Agurain euskaldun egiten duena?

Zer Euskal Herri litzake

Bere hizkuntza ere galtzen duena?

Herri jakintza nahi dugu,

Eta jakintza herriarentzat nahi.

------------------------------------------

Euskara, euskara,

Jalgi hadi plazara.

Plazara, tabernara, elkartera, dendara… 132 izan zarete bidea xamurtzen lagundu diguzuenak.

Euskara, jalgi hadi Aguraingo plazara.

Geure herriaren geroa bait gara.

Eta bai, (eta) bai,

guk euskarari bai ta bai.

Pausorik pauso beti bidea eginez,

Geroa irabazi behar dugu oinez.

Guk euskaraz, zuk zergatik ez?

Orduan izango bait du

Indarra eta kemena

Orduan emango bait du

Ugari bere fruitua.

-------------------------------------------

Orain euskara da soa

Euskaraz doa pausoa

Euskara da itsasoa,

Zerua, lurra, auzoa

Euskara herrian dago

Euskaraz Agurain osoa

Eskuz esku eta azkar pausoa

Egin dezagun bide osoa.

Euskal Herrian euskaraz

Nahi dugulako hitz eta jolas

Lan eta bizi euskaraz

Eta hortara goaz!.

-----------------------------

Goizero, goizero,

AEKn bezero,

Batzuetan ero

Besteetan bero.

Baina bizirik nau

Eta holan sentitzen naz

Topera nau

Geur inork ez nau geldituko.

Ikusi

Ikasi

Entzun

Heldu

Eta ondo heldu

Hobeto heldu

Hona aukera: jalgi hadi euskaraz!

Laga erdara, bizi ganoraz.

Dantzan kalien

Danak begire

Dantzan kalien

Euskara da!

Euskara da!

----------------------------------------

Ateratzeko beldur zen, beldur eszenikoa

Aspaldi antzeztu ez duen obra honetan.

Baina izpi txiki txikiren bat

agertuz joan da aste hontan eta orain

poztasun handi batek besarkatzen gaitu.

Aguraindarron artean

orain lainorik ez da.

Borobildu dira ertzak, zuen ondoan.

Zaindu dezagun maite dugun hori.

Behin betiko! Behin betiko!

Sinple bezain tinko,

75 orduz zein 365 egunez,

euskeraz ta kitto!

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago