Zer eta zergatik egiten dugun ulertzen badugu, hurbilago izango dugu portaera hori aldatzeko benetako aukera.
Niregana ezezagun bat erdaraz hurbiltzen bada, zergatik erantzuten diot erdaraz?
Hizkuntza mendekotasuna edo sumisioa oso modu eraginkorrean ikasten da; izan ere, mendekotasuna ikasteko hainbat bide daude: imitazioa (besteak egiten duena egiten dugu geuk ere), behaketa (erdaraz inoiz ez dela hizkuntza arazorik sortzen ikusten dugu), eta norberaren esperientziak (ondorioak zuzen-zuzenean bizitzen ditugu).
Horrela, sarritan, konplexuen edo autoestimu faltaren ondorioz eta kortesiaren argudiopean, hizkuntza gutxituetako hiztunok gure hizkuntza dakigula ezkutatzen ikasi dugu eta ikasten jarraitzen dugu; eta jendearen aurrean erdaldun gisa aurkezten dugu geure burua, askotan inkonszienteki.
Zer egin?
Hizkuntzari buruzko kontzientzia hartzea da lehenengo pausua. Zeure burua euskal hiztuntzat jotzen baduzu, adierazi ezazu hori zure ekintzetan.
Euskara lehenestea da hizkuntzen arteko oreka lortzeko modua. Gaur egun dugun berdintasun eza ez da berez sortu, egin egin dute/dugu. Beraz, euskaraz edonorekin egitea ez da edukazio txarrekoa edo kortesia falta, kontrakoa baizik. Bestela, gure solaskidea negatiboki diskriminatzen dugu: gizartetik urruntzen dugu eta sarbidea ukatzen diogu. Era berean, gure burua diskriminatzen dugu, duintasuna eta gure buruarenganako errespetua galtzen ditugu eta.
Jarri praktikan! Lehenengo hitza esan euskaraz! Euskaldun asko bistaratzeko ezinbestekoa da hori; bestela, erdaldun bazina bezala aurkeztuko duzu zure burua.