Euskaraz bizitzeko gomendioak 4/8

Biak zarete euskaraz hitz egiteko gai, baina erdaraz egiten duzue. Gaia aipatu behar diozu. Prestatu zure argudioak. Galdetu zer iruditzen zaion. Adostu zenbat, noiz... 0tik 100era ez da egun batetik bestera pasatzen, pausuak banan bana emanez baizik.

Imajinatu lankide, lagun, ezagun edo senide batekin komunikatzeko erabiltzen duzun hizkuntza aldatu nahi duzula. Biak zarete euskaraz hitz egiteko gai, baina erdaraz egiten duzue normalean. Gaia aipatu behar diozu, zalantzarik gabe; eta azaldu, lasai, zure preferentziak.

Aukeratu, aurrez, gaia ateratzeko une egokia. Prestatu zure argudioak (hobe subjektiboak badira: gustatuko litzaidake, nahiago nuke, ilusioa egiten dit zurekin euskaraz egiteak, praktikatu egin nahi dut…). Galdetu zer iruditzen zaion (agian, noiz eta zenbateraino hitz egin negoziatu beharko duzu). Prestatu zure erantzunak (agian, argudioren bat eman beharko diozu animatu dadin). Deserosotasuna, ohitura edo gaitasun falta eta konplexua izaten dira erresistentziarik ohikoenak. Hauxe izan liteke elkarrizketa:

-Lankideak: Baina deseroso sentituko gara. Guk gaztelaniaz egiten dugu betidanik, nire euskara maila...
-Zuk: Hasieran horrela gerta liteke, arraro edo bitxia egingo zaigu bioi, baina ohitura kontua ere izan liteke, ezta? Euskaraz has gintezke, eta deseroso sentitzen bazara, gaztelaniaz egin, lasai asko. Ondo iruditzen bazaizu, nik euskaraz jarraituko dut eta, nahi duzunean, euskarara bueltatu, presiorik gabe. Badaukagu denbora.
-Lankideak: Ados, begira, telefonoz deitzen dizudanean, euskaraz egingo dizut. Deitu aurretik esaldiak pentsatzeko denbora izango dut, hitzak aukeratzeko,... Horrela hasiko gara.

Izan kontzientea, 0tik 100era ez da egun batetik bestera pasatzen, pausuak banan bana emanez baizik.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago