Ez ziren gutxi izan eman zituen jarraibideak... Hainbat eta hainbat aldiz kanpaina honetan entzun ditugun eta oraindik ere entzungo ditugun bi hitz erabili zituen berak ere: AHALDUNTZEA eta AKTIBATZEA. Bertaratu zirenei ohartarazi zien ahalduntzeko eta aktibatzeko erabakia egun batetik bestera bat batean har daitekeeen erabakia dela, baina hori lortzeko prozesua ez dela hain momentukoa, egunez egun egiten den prozesu lasai bat baizik.
Garrantzitsuena norberak sinestea da, norberak ahal duela pentsatzea, orduan hasiko gara ahaldun sentitzen. Egoera ezberdinetan norberaren jokatzeko modua horren araberakoa izango da, ahaldun izatearen edo ez izatearen sinismen mailaren araberakoa.
Arratsaldea ez zen teoria hutsean oinarritu, rol jokoen bidez eguneroko bizitzan ematen diren egoera anitz landu zituzten ikasle finek. Euskaraz eroso sentitzeko teknika horiek nola praktikan jarri, nola erakarri jendea euskaraz hitz egitera eta nola motibatu norberaren jarrerarekin inguruko jendea.
Bakoitzak badaki zein den euskaraz hitz egitearen eta euskaraz bizitzearen aldeko apustua zergatik egin duen. Partaide adina arrazoi izan ditzake kanpaina honek, eta euskahaldun adina arrazoi egon daitezke Euskal Herrian. Baina ez dago mailaketarik arlo honetan, arrazoi guztiak dira garrantzitsuak, pertsona euskaraz bizitzera eraman duen edozein arrazoi da garrantzitsua eta ona.
Ikasitakoa praktikan jartzea baino ez da falta. Erabakia hartua dago, eta prozesua hasi baino ez da egin....