Iragan astean 1976ko martxoaren 3ko Gasteizko sarraskia pantaila handira eramango duen pelikularen filmaketan parte hartu nuen figurante lanetan. Zorigaiztoko egun hartan Zaramaga auzoko karriketan gertatutako protestaldiak eta polizia armatuarekiko talkak irudikatzeko ehunka antzezle bolondresen kolaborazioa behar zuten, eta neuk ere bertan egon nahi izan nuen; ez aktore bokazio ezkuturik daukadalako, baizik eta filmarena ekimen polita iruditu zitzaidalako geure herriko langileriaren oroimen historiko kolektiboari eusteko. Berrogeitabi urte geroago nekez espero dezakegu espainiar epaitegietatik triskantza haren inguruan justizia ezartzeko borondaterik; eta gauzak horrela, testigantza zinematografiko hau tributo xume bat izan daiteke, justizia poetiko apur bat eskaintzeko egun kolokan ikusten ditugun eskubide zibil eta politiko asko konkistatzearren borrokatu zirenei. Estatuaren justiziarik ezean, herriak izan beharko du zor historiko hori kitatzen duena, tributo hori pelikula itxurakoa bada ere.
Grabaketaren eguna hunkigarria izan zen. Ehunka aktore boluntariok erantzun zioten Martxoak 3 elkartearen deiari, 70. hamakadako gisara goitik behera jantzirik denak, eta euren jardunak berebiziko errealtasuna eman zion pasarte historiko haren antzezpenari. Antzezle inprobisatu horietako asko 76ko gertaerak bizi izan zituzten berberak ziren, beste zenbait ordukoen ondorengoak, eta gehienak zinemagintzatik haragoko konpromiso politikoak bultzatuta. Hainbestekoa izan zen egoeraren errealtasuna non, filmaketa bukatutakoan, bildutakook, teknikari taldekoen harridurarako, grabaketa esparrua utzi nahi ez eta aho batez jarraitu genuen oihuka "martxoak 3, ez dugu ahaztuko!!", garai hartako izpiritu iraultzaileak bahituta bezala. Une batez, neuk ere sinestu nuen handik abiatu eta, beroaldiaren eraginez, bankuak erretzen has gintezkeela; fikziotik errealitaterako jauzi egin eta matxinada egungo Gasteizko karriketara eraman genezakeela. Baina errealitatearekin talka egin nuen produkzioko arduradunek gaileta kutxa batzuk zabaldutakoan behin-behineko erreboltariak sakabanatzen hasi zirenean.
Zuzeu atarian argitaratutako artikulua.