Samira ghettoan ate joka

Erabiltzailearen aurpegia Koldo Alzola 2016ko ots. 12a, 09:46

Samira gasteiztarra da, marokoar jatorriko gasteiztarra. Hamabi urte daramatza bertan bizitzen eta bertan jaio dira bere bi semeak. Goi mailako ikasketak dauzka eta egoera ekonomiko erosoa, baina bere izenak eta izanak arabiar jatorria salatzen dute.

 Seme gaztea irakaskuntza hitzartuan matrikulatzea erabaki du, akaso horrela heziketa hobea emango diolakoan umeari; izan ere, bera ere, etorkina izanagatik, ez dago salbuetsita irakaskuntza pribatua hobea delako aurreiritzian erortzetik. Gauzak horrela, zenbait ikastetxetara jo du haurrarentzako aurre-matrikula egitera. Bost eskolatan ere izan da, eta denetan, hurrenez hurren, erantzun berbera jaso du: ezetza. Eskaera orria betetzen ere ez diote utzi. Batzuetan erlijioa izan da aitzakia, baina eskola hitzartuak ere, diru-laguntza publikoak jasotzen dituzten heinean, behartuta daude erlijio katolikoaren ikasgai alternatibo bat eskaintzera. Bestetan ohartarazi diote eskola horretan «ordaindu egin behar zela», eta berak «jakinaren gainean zegoela» erantzun, «dirua ez zela arazoa». Aitzakiak aitzaki irakaskuntza zentro horietan guztietan izena emateko aukera ukatu egin diote. Samirarena Stee-Eilas sindikatuak burututako esperimentu baten ariketa da. Ikerketak azaleratu duen emaitza argigarria da: bisitatutako ikastetxe hitzartu guztietan ateak itxi dizkiote.

Asmakizun xelebrea irakaskuntza hitzartuarena! Ez dakit zein momentutan, nola eta nori okurrituko zitzaion bitxikeria hori, baina nekez justifikatu daiteke zentzuzko arrazoibideez. Eskola pribatuaren ezaugarriak ditu irakaskuntza eredu horrek, alegia, ikasleria hautatu eta bazter dezakete arraza, erlijio, edota ekonomia irizpideen arabera; baina aldi berean, diru laguntza publikoez elikatzen dira, baita baztertutako ikaslegaien familiek ordaindutako zergetatik datozen diru laguntzez ere. Oso kristau zintzoa izanagatik, ezin da aldi berean kanpaiak jotzen eta meza entzuten aritu. Esklusibitatea nahi badute, ordain dezatela; eta sistema publikoaren iturritik edan nahi badute, erabil ditzatela hiritar orori dagozkion berdintasunezko irizpideak matrikulazioetan.

Lehengoan ama batek bere kezka azaltzen zidan alaba eskola publikoan matrikulatzeko nire asmo irmoa agertu nionean. Auzoko ikastetxe publikoan ikasleriaren % 50 etorkinak zirela zioen (etorkinak baino etorkinen seme-alabak esan nahiko zuen ezjakinak; eta susmoa dut ez zela Espainiatik etorritako etorkinen seme-alabez ari, hain zuzen ere); eta, ondorioz, ghetto hutsa bilakatu dela; eta testu inguru horretan nekez bermatu dakiekeela haurrei euskara garbia irakastea. Auzoko eskola ez dela ghettoa erantzun nion nik, bizi garen auzune eta hiriaren isla baizik, eta inguru honetan bizitzeko tresnak hartzearren horixe dela lekurik onena, eta euskararena bere arrazakeria zuritzeko aitzakia baino ez dela. Ghettoa izatekotan, Samirak bisitatutako ikastetxe hitzartuak dira ghettoak. burbuila horietan kolore, hizkuntza, erlijio eta gizarte maila berekoak dira ikasle guztiak... horixe da, bada, ghettoa!

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago