Udaletxe berriaren egoitzan sartu orduko harrera gunera abiatu naiz, eta hor galdetu langileari: «barkatu, euskaraz ba al dakizu?». Eraikina bai, moderno askoa, punta-puntakoa, baina harrera antigualekoa: «no», dio besteak ozpin aurpegiaz. Zenbakia eman dit eta hurrengo leihatilara. Hor prozedura berbera: «barkatu, euskaraz ba al dakizu?». Eta hor ere, hiru polboroi ogitartean baino aurpegi lehorragoa duen beste batek erantzun berbera: «no». Horraino ezer berririk ez, denok noizbait jaso duzuen erantzun zakarra negoziaezina. Horra hor Gasteizko euskaldunaren kasuistikaren lehenengo kasua: ukazio borobila.
Baina egia da erantzun guztiak ez direla hain erabatekoak izan. Bigarren leihatilakoak lehenengora bidali nau, eta hor lehengo ozpinduak zenbakia eman dit kontsumitzaileen arretarako bulegorako. Hor prozedura errepikatu dut. «barkatu, euskaraz ba al dakizu?». Eta besteak: «si, pero mejor en castellano». Azter dezagun erantzunak ezkutatzen duena. Hasierako baiezkoak iradokitzen du, bere, artatu nazakeela euskaraz... baina «baina» bat erantsi dio. Horrek zer esan nahi du? Bi aukera: «bai, baina ez zait hankatartetik ateratzen», edo akaso «bai, erantzun niezazuke euskaraz baina emango nizukeen zerbitzuaren kalitatea ez litzateke erdaraz emango nizukeenaren bezain ona». Horrelakoetan pentsatu ohi dut: «zer egingo luke Xaguk, nire lagun euskaldun militanteak?» Xaguk, pazientziaz helduko lioke aferari eta saiatuko litzateke poliki-poliki euskaraz egiten funtzionarioarekin. Baina, nik, zer nahi duzue esatea, nahiago izan dut kalitate oneko zerbitzua jaso eta amore eman dut. Horra hor euskaldunaren kasuistikaren bigarren kasua: baiezkoz mozorrotutako ezetza.
Handik Ogasuneko bulegoetara joan behar izan dut. Harreran langile bakarra, eta hara non, euskaraz erantzun dit, eta ez hori bakarrik, aurrekoek ez bezala irribarre adeitsu batez. Berak bigarren pisura bidali nau, beste leihatila batera, eta hor hamabost bat minutuz itxarondakoan, betikoa: «barkatu, euskaraz ba al dakizu?» Eta besteak: «no, pero si te urge mucho le llamo al que sabe para que te atienda». Tira, premiazkoa bai, bada, eta Xagu banintz itxaron egingo nioke funtzionario euskaldunari, baina ordu laurden daramat zain, eta goiz osoa leihatilaz leihatila, eta ez nuke beste horrenbestez itxaron nahi, beraz, berriro ere etsi egin dut. Hirugarren kasu honi halaxe deitu diot: nekearen nekeaz garaitzea.
Nekagarria da, bai, euskalduna izatea eta euskaldunoi ustez dagozkigun eskubideak bilatzen saiatzea. Izango dira administrazio publikoan lan egiteko euskarazko gutxieneko maila eskatzen dietelako kexatzen direnak, baina nire ikerketa soziologikoak erakusten du milaka hizkuntza eskakizun eta EGA azterketa eskatuta ere, euskaldunoi nekez bermatzen zaigula erdaldunei ematen zaien zerbitzu berbera jasotzeko eskubidea, eta bermatzen bazaigu, askotan zerbitzu hori ez dela kalitate berekoa izango.
Gauzak horrela alde egin dut Ogasunaren eraikinetik eta martxiano bat bezala sentiaraziko ez nauten leku batera joan naiz, Bodegoira. Hor patxada handiz aritu naiz euskaraz tabernariarekin eta beste bezeroekin; eta irribarre batez hartu naute, gainera. Horra hor Gasteizko euskaldunaren kasuistikaren laugarren kasua: Ghettoan bezala, inon ez!