Baina ez naiz neu izango ekimen horren inguruan iruzurraren susmoa aireratuko duena (enpresa antolatzaileek salaketa jarri omen dute horrelako adierazpenak egiten dituenaren kontra). Minbiziaren aurkako ikerkuntzaren aitzakia baliatzea 10 eurori 9ko etekina ateratzeko akaso oso etikoa ez da izango, baina ilegala ez da. Ez dut inolaz ere ezbaian jarriko ekimenean parte hartu duten milaka emakumeen borondate ona. Benetan kezkatzen nauena da minbizia ekiditeko ikerkuntza helburu duen ekimen batean kritika izpirik ere ez izatea. Minbizia, eta zehazki gehien bat emakumeak erasaten dituen ugatz-minbizia, gizartea astintzen duen gaitzetakoa da. Ados egongo gara gaitz horri aurre egiteko erakundeek bideratzen dituzten baliabideak ez direla nahikoak, eta azken urteotan estatuko zein erkidegoetako gobernuek burutu dituzten murrizketek kalte handia egin dietela osasun sistemari eta osasun arloko ikerkuntzari. Minbiziaren kontrako ikerkuntza eraginkorra izango bada, baliabide publikoak bideratuko beharko lituzkete horretara; armagintzatik, elizatik, monarkiatik, poliziatik, auto ofizialetatik eta azaleko bestelako gastuetatik kendu eta benetan gizartearen lehenengo mailako arazoak direnei konponbideak bilatzera bideratzea... baina horiek erabaki politikoak dira. Eta minbiziaren kontrako ikerkuntzari diru-funtsak murrizten dizkioten bitartean, borondate oneko emakume horiei karitatea eskatzea iraingarria iruditzen zait.
Ugatz-minbizia jomugan duen ekimen batek minbiziaren aurkako ikerkuntzak pairatzen duen egoera larriaren zergatiak kolokan jartzen ez baditu, hanka motz gelditzen da, ekimen karitatibo akritikoa baino ez da. Eta karitate hori lazo arrosa batez janzten badu, orduan negozio arrosaren kiratsa hartzen diot.