“Morralla”, heldu da zure garaia

Erabiltzailearen aurpegia Koldo Alzola 2015ko mai. 15a, 02:00

Koldo Alzola

Inbaditzaile moriskoen ondoren austrigoiak eta barduloak bilakatu dira Gasteizko PPkoen amesgaizto. Horixe izan da eskuindarren hauteskunde-estrategiaren hurrengo urratsa. Hasieran Marokotik eta Algeriatik etorritako auzokideak izan zituzten jomugan; diru-laguntzak eskuratzearren eta lan egiteko asmorik gabe datozela zioten, gizarte-laguntzei iruzur egiten dietela, igeri lekuetan txiza egiten dutela, eta bestelako funtsarik gabeko argudio txatxuak baliatu zituzten arrazismoaren bozka eskuratzearren. Orain, berriz, Bizkaiatik eta Gipuzkoatik etorritako euskaldunak dira kontserbadoreen arerio berriak.

 

Administrazioko lanpostuak lapurtzearren etortzen omen zaizkigu, Vitoriak berezko duen hizkuntza kastellanoa kolokan jartzearren. Imaginatzen dut zaila izango dela diskurtso erakargarri bat eraikitzea zure alderdia ustelkeriak muinoetaraino kutsatuta dagoenean, nekeza izango dela kirats horrekiko arreta desbideratzea. PPkoek hatzaz ilargia seinalatzeko estrategia erabili dute, izan ere, gauza jakina da hatzak ilargia seinalatzen duenean ergelak hatzari begiratzen diola. Horrelaxe egin dute beti, mamu bat sortu eta mamu horren aurkako bandera altxatu. Garai batean ETA zen garaitu beharreko munstroa, haien ustelkeriaren miseriak bigarren maila batean zokoratzen zituena; orain, aldiz, etsai berria behar dute popa bistan ez geratzeko. Kanpotik etorritakoak dira mamu berri horiek, “besteak”, “atzerritarrak”; direla moriskoak, direla austrigoiak eta barduloak... kanpoko “morralla”, azken batean. Haiexek dira “bizitza osoko vitoriartasuna” mehatxatzen dutenak. Eta Javier Maroto izan da alkanfor usaineko “vitoriartasun” horren bandera altxatu duena: «Neu naiz Vitoria, Vitoria naiz ni, Vitoriako bandera daramat bihotzean, que se note que somos de aqui... inongo sigla eta alderdikeriaren gainetik». Baina hatzatik harago begiratzen duen edonor segituan konturatuko da Marotok, bestelakorik dioen arren, ADNan iltzatuta daramatzala bere alderdiko siglak, ustelkeriarenak, Barcenasenak, San Antonioko lokalenak, Gürtelenak, Ratorenak, Punicarenak, Bankiarenak, Fabrarenak, black txartelenak, murrizketenak, desjabetzeenak, iruzurgile fiskalenak... 

 

PPkoek arerio bat behar dute euren miserien gaineko arreta desbideratzeko, eta arerio horren aurreko errezeta: barbaroen erasoaren aurrean, espainiartasun gaindosia. Halaxe, azken asteotan, estatuko botere guztietako ordezkariak ekarri dizkigute hirira; nabarmen gera dadila Vitoria ez dela ez moriskoa, ez austrigoia, ez barduloa, espainola baizik. Egun gutxiren tartean Espainiako armadaren burua izan dugu gurean bisitan, Felipe VI.a; bihotzetako erregina, Letizia, urrez jositako 60.000 euroko piperpotoan bilduta; Gobernuko burua, Rajoy; Espainiako ordezkari artistiko gorenetakoa, Melendi, hori ere etortzekoa da... eta beldur naiz ez ote diguten ekarriko Espainiako kulturaren lagin esanguratsuren bat, Paquirrin edota Belen Esteban, esaterako.

 

Ni vitoriano peto-petoa jaio nintzen, baina egun batean euskara ikasteko hautu kontzientea egin nuen, jakin banekielako hizkuntza gure herriaren ondarea eta altxorra dela, eta bizirik iraun dezan gure hizkuntzaren jabe izan behar dugula; eta laudoriatu soilik ez, erabili eta bizi egin behar dugula hizkuntza (maita nazazu gutxiago, goza nazazu gehiago). Hizkuntzak beste mundu anitzago eta aberatsago baten ateak ireki zizkidan. Nire inguruan bizi ziren kanpotik etorritako auzokoekin elkarbizitzeak ere mundu zabalago eta aberatsago batera iristea ahalbidetu zidan; kolore, usain, usadio, hizkuntza eta kultura askotakoa. Akaso horrek guztiak barbaroago bilakatu nau, akaso arrotzagoa izango naiz alkanfor usaineko vitorianoentzan, agian nire vitoriartasun graduazioa epeldu egin da... baina harro nago “morralla” bihurtu izanaz. Nire bizimodua aberasgarriagoa da jendilaje bihurtu naizenetik, gaitz kutsakor horretaz kutsatu naizenetik.

 

Kontua da gure gaitza hain kutsakorra denez, paparrean karlista itxurako Vitoriako bandera eta poltsikoan Suitzakoa daramatenentzat benetako mamua bilakatzeko arriskua dela. Hango eta hemengo etorkinak, moriskoak, baskoiak, austrigoiak, barduloak, sarrazenoak… bilaka gaitezenizurritea, Vitoria zaharrari koloreak ateratzen dizkiona.

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago