Igande goiza sare sozialetan eguneko argazki koloretsuak ikusten eman dut. Miatu dut, halaber, ospakizunaren oihartzuna komunikabide lokaletan. Prentsa serioko hedabide guztiek azpimarratu dute arrazakeriaren aurkako herri mugimenduaren lorpen historikoa; ez, ordea, El Correo Españolek. Harritu nau Vocento taldeko egunkariaren arduragabekeriak. Ez hedabide eskuindarraren jarrera zein den ez dakidalako, badakit-eta babes eta jarraipen deliberatua eman diola orain arte alkatearen kanpaina arrazistari, baina EFE agentziako teletipoa kopiatzea (egunkariaren bertsio digitalean, behintzat) eta albistearen jarraipena egitera kazetari ziztrin bat ere ez bidaltzea profesionaltasun falta larria iruditzen zait, baita kazeta espainolarentzat ere.
Baina El Correokoek euren muturren aurrean gertatzen denari ez ikusiarena egiten badiote ere, ezin dute errealitatea ezabatu; desitxuratu, akaso, bai, baina ez ukatu, gertatutakoaren milaka lekuko zuzen baitaude. Eta errealitate hori zera da: Gasteiz ez dela berdina izango iragan larunbateko inflexio puntuaren ondoren. Ekimenak ideologia, jatorri eta kolore askotako herritarrak batu zituen elkarlanera komuneko ideia baten inguruan: ez garela mutu geldituko erakundetako gobernu buruek hiriko elkarbizitza gaiztotzen duten bitartean; ahotsa altxatuko dugula eraso xenofobo guztien aurrean, baita alderdi popularrak eta bere kordako prentsak burutzen dituztenen aurrean ere.
Iragan larunbatean kalean erakutsi genuen Gasteiz kolore askotako hiria dela. Zenbaitek kontrakoa nahiko balute ere; atzean gelditu dira Gasteiz kolore, hizkuntza eta pentsaera bakarreko hiria zeneko garaiak. Oroitzen dut nire txikitako garaietan Gasteiz Vitoria zela. Zeruaz gain zeru azpikoa ere grisa zen hiri hartan; telebista, berriz, zuri-beltzean. Nik, inguruan gertatzen zen guztia ulertzen ez banuen ere, ordurako banekien helduek “grisak” izeneko gizon batzuei zietela beldur, baina horretaz ez zutela haurrokin sekula hitz egiten, eta akaso horregatik haien kopetak ere grisak zirela. Oroitzen dut bizilagun zurbilen hiri hartan beste kolore bateko pertsona bakarra zegoela, Essie Hollis, orduko Baskonia saski baloi taldeko fitxajea. Eta akordatzen naiz ordura arte beltzak entziklopedietan baino ez nituela ikusiak, eta gerripekoa baino ez zeramatela jantzita, eta lantza bat eskuan. Orduan deskubritu nuen bestelako kolore batzuk ere bazirela. Eta Hollisen atzetik beste asko etorriko ziren, eta hiriko grisari koloreak ateratzen hasi zitzaizkion. Eta orduan euskara ikasteak ere ahalbidetu zidan munduari kolore askotako anteojuez begiratu dakiokeela deskubritzea. Eta batzuen eta besteen ekarpenez hiri gris hura Galeanok irudikatutako su txikien itsasoa bilakatu zen.
Larunbatean kalean erakutsi genuen posible dela ezberdinen artean elkarbizitzea, auzolanean aritzea eta festaz gozatzea. Hori eskertu behar diegu Gora Gasteiz ekimenean hilabete hauetan buru belarri lanean aritu direnei; larunbateko ospakizunean antolakuntza lanean ibili diren guztiei; eta, oro har, Gasteizko karrika eta plazei koloreak atera dizkien guztiei... baina ekarpen horien guztien gainetik Javier Marotori ere eskertu behar diogu larunbateko protesta egunaren arrakasta. Bai, Marotori berari, izan ere, berak ere erantzukizun handia izan du herri mugimenduaren garaipen horretan. Bera izan da bere hauteskunde-estrategia lizunerako baliatutako argudio arrazistez gure ezinegona piztu duena; bera izan da bere diskurtso xenofoboaz, bere gezurrez eta bere egoskorkeriaz geure onetik atera gaituena; bera izan da herri mugimendu hori antolatzera xaxatu duena. Dudarik gabe, Marotoren akuilua erabakigarria izan da banatzen gaituena gainditu eta komuneko ideia baten inguruan bat egin dezagun (denok Marotoren kontra); kolore, jatorri, pentsaera eta hizkuntza ezberdinekoek elkarlanerako zubiak eraiki ditzagun eta ordura arte ikusi gabeko dinamika bat abian jar dezagun. Horregatik guztiagatik, eskerrik asko, Javier, bihotz-bihotzez, Gasteiz koloretsu baten alde egin duzun ekarpenagatik. Sucram, Javier.