Mutilak, ezin ulerturik, erantzun: «si, si, tengo abrigo». Eta begira dagoen hirugarren batek: «vaya dos!», bien arteko ezin ulertuari leporatu dio korteiatze saiakeraren porrota. Argazkia publizitate kanpaina batera ekarri dute Gipuzkoako Juventudes Socialistas taldekoek. Horren bidez, euskararen ustezko inposaketa salatu nahi izan dute; eta, horretarako, betiko topikoa baliatu dute: Euskadin ez dela txortan egiten. Katalan guztiak zuhurrak, andaluziarrak alferrak edota galiziarrak zalantzatiak diren moduan; euskaldunak zelibeak omen. Alegiazko Espainia autonomikoaren mitoak, “Vaya Semanita” edota “Ocho apellidos vascos” bezalako azpi-produktu kolonialek elikatzen dituzten aurreiritziak. Baina gazte sozialdemokratak harago joan dira eta euskarari leporatu nahi izan diote sexu harremanetarako euren ezintasuna. Izan ere, iragarkiari zorroztasunez erreparatzen badiogu, iradoki nahi duenaren kontrakoa esaten du. Alegia, erdaldun hutsa da, euskarazko gonbit xinple bat ezin ulertzeagatik, txortan egin gabe gelditzen dena, euskaldunarekin intimatzeko aukera galtzen duena. Euskaldun bati ez zitzaion horrelakorik gertatuko, euskaldunok berdin korteja baitezakegu euskaraz zein erdaraz, ez geniokeen horrelako tentaldiari muzin egingo. Gaztelaniar hutsak, aitzitik, hankamotz daude, sasi-alfabetatu, inguru elebidun batean. Horixe da euren ezintasuna, euren gabezia, eta euskaldun batekin harremanetan izateko saiakeraren porrotaren arrazoia. Ez dezatela errua besteengan bila. Euskaraz ezin kortejatzeagatik larrua behar baino gutxiagotan jotzen dutelako konplexua badaukate, joan daitezela kanpaia jotzera. Euskaldunok ez dugu sexu-arazorik, erdaldunek baino aukera bikoitza baizik. Kudea itzazue zeuek zeuen frustrazioak, kastellanos, pajilleros!